Jon Aldazabal Mondragon Unibertsitateko irakasleak Espainiako automobilgintzaren egoeraz hausnartu du Deia egunkarian argitaratutako artikulu batean. Berriki Estatuko ekonomia astinduko duen albiste bat ezagutu da: Nissanek Bartzelonan duen lantegia itxiko du. Aldazabalek jakinarazi duenez, planta ixtearen ondorioz 3.000 lanpostu zuzen galdu eta 23.000 zeharkako lanpostu desagertuko dira.

Bere esanetan, ez da izango itxiko duen azken enpresa, eta horrek agerian uzten du Espainiaren egiturazko arazoa; hots, herrialdeak ez du eredu ekonomiko/produktibo alternatiborik halako erabakiei kontrapisua egiteko.

Adituak ohartarazi du automobilaren sektorearen atzean enplegu asko daudela, eta datu hauek eman ditu: automobilgintza Espainiako BPGd-ren % 10 da, eta esportazio guztien % 19. Halaber, EAEko BPGd-ren % 20 da, eta horren % 90 esportatzen da. Nafarroako ekonomian duen eragina, berriz, % 25ekoa da.

Ekoizpen aldaketa

Estatuan automobil-fabrika lehiakorrak dauden arren, bakar batek ere ez duela erabaki-zentrorik Espainian. Beraz, garai txarretan, erabakiguneek erabaki zailak hartzen dituzte beren lurralde nazionalean ez dauden eta balio erantsi bereizgarririk ematen ez duten instalazioetan. Hala, Espainiak ez du balio erantsirik ematen puntako herrialdeekin alderatuta, eta ezin da kostuetan lehiatu beste batzuekin.

Arazo horri aurre egiteko gakoa ekoizpen-eredua aldatzea izan daitekeela dio Aldazabalek. Horren adibide da Frantzia: 8.000 milioi euro inbertituko ditu herrialdearen berrindustrializazioan, eta ibilgailu elektrikoen fabrikazioan Europako liderra izatea du helburu. Euskadik bere inbertsioaren % 2 I+B+Gra bideratzen du, Suediatik (% 3,4) eta Austriatik (% 3,16) urrun. Aldazabalen iritziz, “ahalegin handiagoa egin behar dugu eragin handiko trakzio-proiektuak garatzeko. Ikerketa teknologikoaren eta ez-teknologikoaren transferentzia gehiago bizkortu behar dugu, eta ahaleginak areagotu behar ditugu gure prestakuntza-zentroetatik gure enpresak nazioartean puntakoak izan daitezen”.

Egilea Admin