Carlos Etxeberri ekonomia kazetariak herrialde baten garapenean teknologiak duen garrantziaz dihardu iritzi artikulu batean.
Etxeberrik ohartarazi duenez, COVID-19ak eragindako pandemiak erakusten du telekomunikazioak eta informazioaren teknologiak (IKTak) funtsezko sektore estrategikoak direla herrialde baten garapen eta aurrerabiderako. Hori dela eta, sektore horietako konpainien erabakiguneen kokapena eta eraikitzen ari diren herrialde-ereduaren garrantzia azpimarratu ditu.
Adituaren esanetan, Euskadin gauzak ez dira guztiz ondo egiten ari. Izan ere, Gipuzkoako IKT konpainiak atzerritarren esku geratu dira, eta inbertitzaile horien mende daude erabaki-guneak eta interesak. Gainera, honako adibide hau eman du: Euskaltel eta Guuk telekomunikazio operadoreak “Euskal Labela” bilatzen duen bezeroa harrapatzen saiatuko dira, eduki esklusiboen eta teknologia bereizleen alde egin beharrean.
Sakonduz
Finlandiaren eta Nokia mugikorren konpainiaren kasua gogorarazi du Etxeberrik. Nokia izanda ere, herrialde horrek behera egin du I+G+b arloan, eta salbuespena izan da herrialde eskandinaviarren artean. Kudeaketa txarra eta merkatuaren berrikuntzetara egokitzeko zailtasuna direla-eta, hiru urteren buruan Nokia mugikorren munduko merkatuaren %34 kontrolatzetik %3ra igaro zen, 120.000 milioi euroko balioa izatetik Microsofti 5.540 milioiren truke saltzera pasatuta.
COVID-19aren krisia sektore guztietan eraldaketa digitala bizkortzea eragin duen azeleragailu bat izan dela esan du, munduko harreman ekonomikoetan aldaketa eraginez. Etxeberriren iritziz, zientziaren eta teknologiaren aldeko apustua gai estrategiko bihurtu behar da. Hortaz, berrikuntza eta herrialdean enpresa teknologiko berriak sortzea ahalbidetuko duen ekosistema sortzea ezinbesteko elementua dela dio, eta hori guztia, enpresa berriak errotzea erraztuko duten eta deslokalizazioa eragotziko duten tresnak egonda.