Guillem Serra medikua eta MediQuo plataformaren sortzaileak osasunaren helburuak lantzeko teknologiak duen ezinbesteko rolari buruz hitz egiten du Deia egunkarian argitaratutako artikulu batean.

Serrak jakinarazi du 2030erako gobernuaren agendan markatutako Garapen Iraunkorreko Helburuetako bat, hirugarrena, bizitza osasungarria bermatzea eta adin guztietako biztanleen ongizatea sustatzea dela. Zentzu horretan, esan du munduak funtzionatzeko osasun ona izatea ezinbestekoa dela; beraren arabera, “ezin dugu herrialde jasangarriaz hitz egin, bertako biztanleen osasuna kaltetuta badago”.

Adituak ohartarazi duenez, helburu hori lortzeko, ikertu eta tresna berriak garatu behar dira, profesionalei beren lana modu eraginkorragoan eta erosoagoan egiten laguntzeko. Krisi honetan azaleratu den arazo larrietako bat osasun-kolapsoa dela adierazi du Serrak. Dioenez, medikuntzaren digitalizazioak monitorizatzeko, erantzun arin bat emateko eta eraginkortasunez aurrera egiteko aukera ematen digu; horregatik, Serrak baieztatzen du telemedikuntzako tresnak funtsezkoak direla ospitale-pilaketak saihesteko.

Online arreta medikua

Medikuaren iritziz, COVID-19ak online arreta medikoaren potentziala erakusteko balio izan du. Argudio horri jarraituz, honako datu hau eman du: MediQuoren datuen arabera, konfinamenduaren lehen hilabetean, osasun-kontsulta birtualen indizea % 153 igo da. Bere esanetan, 24/7 asistentzia, detekzio goiztiarra, etengabeko zainketa eta ospitaleko itxarongeletako arintzea dira telemedikuntzaren onuretako batzuk, eta bizitza osasuntsua eta ongizate-egoera bermatzea dakarte.

Onura horiek, gainera, zuzenean eragiten diote osasun-arloko profesionalari, tresna horien bidez lana modu eraginkorragoan, seguruagoan eta erosoagoan egiteko aukera baitu. Laburbilduz, teknologiaren eta medikuntzaren arteko loturaz eta osasuna eta ongizatea lantzeko teknologiaren beharraz dihardu.