Javier Arrieta Idiakezek, Deustuko Unibertsitateko Lan-zuzenbideko irakasleak, lan-arloko elkarrizketa sozialaren beharraz hausnartu du. Arrietaren esanetan, COVID-19tik eratorritako krisian ezinbestekoa da lan-harremanen esparru egokia izatea, eta, ildo horretan, elkarrizketa sozialaren bidez, eragile sozialek eta Gobernuak industria- eta lan-harremanen ardura izan beharko lukete. Hala, Lan Harremanetako Berme Sistema antolatu beharko litzatekeela uste du.

Adituaren arabera, gizarte arau publikoak negoziazio kolektiboarekin egin beharko lirateke, hau da, Gobernuaren araudi publikoaren esku-hartzea eta eragile sozialen autonomia kolektiboa bateratu beharko lirateke. Horrela, Lan Harremanetako Berme Sistemak enpresen lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren eta lan- eta bizitza-baldintzen arteko desorekak saihestu nahi dituela dio. Gobernuaren egitekoa eragile sozialekin adostutako xedeak eta konpromisoak betetzeko pizgarriak ezartzea da. Horrela, Gobernuak jarrera eredugarriak babestuko lituzke, nolabaiteko sari horren bidez enpresen artean efektu biderkatzailea lortzeko. Aitzitik, gizarte-eragileek negoziazio kolektiboa tresna gisa hartu beharko lukete, eta akordio zabal eta malguak lortu beharko lituzkete langileen eta enpresaburuen arteko gatazkak bideratzeko. Edukiei erreparatuta, Gobernuak saritu beharreko jarreren iturri formalak egituratzea izan beharko litzateke lehentasuna.

Hitzarmen kolektiboa

Dioenez, negoziazio kolektiboa hainbat esparrutan antolatzeari dagokionez, enpresa eta langile guztiak uneko errealitatearekin bat datorren hitzarmen kolektibo baten aplikazio-eremuan integratzea izan beharko litzateke helburu nagusia.

Enpresen arteko lankidetza bultzatu beharko litzatekeela esan du, zerbitzu eta baliabide komunak eratuz. Azken batean, enpresa-taldeak eta sektore eta enpresen arteko lankidetza izan daitezke baliabide egokienak mundu mailan lehiakorragoak izateko.