Mikel Irujo Industria, Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak Nafarroako gas berriztagarrien garapen estrategikoa eta 2025-2026 urteetarako lan-agenda berria aurkeztu ditu ostegun honetan. Proiektu honek gas berriztagarrien ekoizpena eta erabilera ditu ardatz, eta Foru Komunitateak energia garbiago eta iraunkorragoetarako trantsizioa gidatu nahi du.
Aurkezpena AIN Nafarroako Industria Elkartean egin da, eta bertan proiektuaren zuzendaritza batzordea osatzen duten eragileen ordezkariek parte hartu zuten: Sodena, Iruñerriko Mankomunitatea, AIN eta Nafarroako Gobernua.
Bere hitzaldian, Irujo sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela “gas berriztagarrien garapenari laguntzea, erregulazio-, industria-, teknologia- eta sektore-ekimenen bidez, gure ekonomiara egokitu behar den lan-plan batean, gure lidergo berriztagarria lotutako aukerekin indartzeko aukerari utzi gabe”. Adierazi du, halaber, lan-agenda hori Nafarroako 2030erako Energia Plana eta Klima Aldaketaren Legea garatzeko beste tresna bat dela, Nafarroako trantsizio energetiko eta ekologikorako ekintzak arautzen dituzten bi esparruak.
Bestalde, Garbiñe Basterra Energiaren, Enpresen I+G+Bren eta Ekintzailetzaren zuzendari nagusiak dagokion lan-plana aurkeztu du. Adierazi duenez, agenda horrek denbora-epe laburrari erantzuten dio, urte eta erdiko lanari. “Kontuan izan behar dugu oraindik garapen-egoera hasiberri eta desberdin batean dauden teknologiez ari garela, eta haien garapenak aurrera egin ahala, baliteke erronka eta helburu berriak izatea, norabidea berbideratzera behartzen gaituztenak”.
Ildo horretan, nabarmendu du plan hau lau zutabetan oinarritzen dela: arau-esparrua, tresna sektorialen garapena, beste sare batzuetan parte hartzeko eta beste eskualde batzuekin batera proiektuak gauzatzeko aukera emango diguten zeharkako tresnetan, eta gas berriztagarrien erabilera inplikatzen duten I+G+B proiektuak bultzatzea, berrikuntzarako eta testeorako espazioak sortuz, beste garapen teknologiko batzuk eta SINAIko eragile guztien arteko lankidetza ahaztu gabe.
Hidrogenoa, biogasa eta biometanoa
Nafarroako gas berriztagarrien egoera eta etorkizun berriena zehatzago azaltzeko eta aztertzeko, hainbat eztabaida-mahai egin dira. Lehenengoa, Marian Garayoa AINeko Estrategia eta negozio-garapeneko zuzendariak moderatua, hidrogeno berriztagarrian zentratua egon da, eta bertan parte hartu zuten Alan Ripa Acciona Puigeko CEOak, Juan Peña ENHOL Negozio Garapeneko zuzendariak eta Marcos López-Brea DH2 Energyko CEOak.
Bigarren mahaian, ekoizpena, biogasa eta biometanoa erabiltzeak dakartzan erronkak eta aukerak aztertu dira. Panel hori Oscar Fernandez Nafarroako Gobernuko Energia Planaren eta Europako Proiektuen Ataleko buruak moderatu zuen, eta bertan parte hartu dute Rubén Rodríguez HTNko zuzendariak, Luis Etxamendi ETXE HOLZ zuzendari teknikoak eta Javier Zardoya MCP Energia Berriztagarrien eta Instalazioen arduradunak.
Bi mahai-inguru horiez gain, AINko Energia Arloko arduradun Joaquín Erizek aurkeztutako CARMA-H2 proiektua sakonago ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Proiektu hau 2024ko azaroan aurkeztu zen eta horrekin hidrogeno berdea sortu nahi da Nafarroako Arazuriko plantan hondakinak tratatuz. Bestalde, Nordex Electrolizerseko CEO Luis Solla arduratu da energia garbiak erabiltzeak industriaren hornidura-katerako dakartzan aukerak aurkezteaz.