Eusko Jaurlaritzak Berpiztu programa onartu du, koronabirusaren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa gainditzeko euskal erantzuna. Berpiztu programak 13.000 milioi euroko urte anitzeko inbertsioa dakar euskal ekonomia suspertzeko.
Helburu nagusi bat finkatu da programan: langabezia-tasa % 10etik behera kokatzea. Duela gutxi lortu genuen, eta legegintzaldi honetan berriro lortuko da. Erakundeen, eragile ekonomikoen, gizarte-ordezkarien eta euskal gizarte osoaren esperientzia, borondatea eta konpromisoa ditugu. Krisi bakoitzaren ondoren, berriro berpiztu da Euskadi. Krisiek gure egokitzapen- eta biziraupen-espiritua areagotzen dute.
Berpiztu programa gure sare ekonomikoaren eraldaketa eta enplegu berrien sorrera aktibatuko dituen erreminta da. BERPIZTU bi ardatz handitan egituratzen da: ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea. Nahitaezko eta beharrezko bi baldintza.
Koronabirusaren pandemiak mundu mailan martxan zeuden hiru trantsizio handi bizkortu ditu: trantsizio digitala, trantsizio ekologikoa eta trantsizio soziala.
Etorkizuneko trenera igo
Aipatutako aldaketak mendearekin bat hasi ziren. Aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak, informazio-abiadura handiko sare berriak, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, energia-iturri berriak, ingurumen-jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, bioekonomia, zahartzea, migrazioa, pandemien aurreko osasun-erantzuna. Horiek dira errealitate berri bat argitzen ari diren parametroak.
Historian zehar, iraganari atxikitzeagatik baztertuak izan diren herrien adibide ugari daude. BERPIZTU etorkizuneko trenera igotzeko gure aukera da.
Industria aurreratuaren, ikerketaren, energia berriztagarrien, ekonomia zirkularraren, nazioartekotzearen, inbertsio produktiboaren eta gizarteratzearen zutabeen gainean eraikitako etorkizuna. Pizkundeaz eta Euskadi berdeago, digitalago eta inklusiboago baten eraikuntzaz hitz egiten duen etorkizuna.