Ursula Von der Leyenen hitzak ezin ziren esplizituagoak eta egokiagoak izan, Gabon egunean lortutako Brexit ondoko akordioaren iragarpenak eragin zigun lasaitasun-sentimenduari dagokionez. Izan ere, 2016ko erreferenduma egin zenetik igarotako lau urte eta erdian, desadostasunez beteriko zeharkaldi bihurri baten lekuko izan gara.

Alabaina, amaigabeko ibilbide hori ahaztuta, garrantzitsua da nabarmentzea, Michel Barnierren eskutik, hogeita zazpiak tinko eta elkartuta mantendu direla. Pazientzia eta pragmatismo handia erakutsi dutela hainbeste aldaketa politikok astindutako bazkide baten aurrean; besteak beste, lehen ministroen erorketa, gobernuko goi-kargudunen dimisioak, alderdi kontserbadoreko disidente europazaleen arazketak edo alderdi laboristaren berritzea.

2021eko urtarrilaren 1ean, merkataritza- eta lankidetza-harreman bat estreinatu genuen Erresuma Batuarekin. Harreman horretan, nabarmentzekoak dira, hurrenez hurren, merkatuetarako sarbide librea, Europako Erkidegokoa eta Britainiakoa, merkataritza nabarmen mugatuko zuketen muga-zerga eta elkarrekiko kuotarik gabe. Akordio hori, berez, arrakasta handia da, bi blokeetako enpresei ekarriko dien onuragatik.

Alderdien arteko lehia leiala

Nolanahi ere, kontuan hartu behar da Europako merkatuan sartzea askoz ere garrantzitsuagoa dela interes britainiarrentzat Europako enpresek merkatu britainiarrean sartzea baino (2019ko bi aldeko merkataritzaren zifren arabera, 27ei egindako salmenta britainiarrak guztizkoaren % 46 izan ziren, eta Erresuma Batuak 27ei egindakoak, berriz, Europar Batasunetik kanpoko esportazioen % 4,9 baino ez ziren izan). Hori da Erresuma Batuak, akordioaren parte gisa, alderdien arteko lehia leiala zainduko duten elkarrekiko zaintza- eta arbitraje-mekanismo lotesle batzuk onartu behar izatearen arrazoia.

Akordioa historikoa da, Bruselak hirugarren herrialde batekin negoziatutako anbizio handienekoa delako.