ETE horrek BIND SMEren —Eusko Jaurlaritzak startupekin sustatutako berrikuntza-ekimen irekia— bigarren edizioan parte hartu zuen
FHIMASA enpresa bizkaitarra erreferentea da eraikuntzaren sektorean. 50 urtetik gorako esperientzia du obra zibil, urbanizazio, ur-kanalizazio, eta administrazio publiko eta enpresa pribatuentzako azpiegituren mantentze-lanen proiektuetan. Egoitza Erandion duen ETE honek bezeroarekiko eta gizartearekiko konpromisoan oinarritzen du bere negozio-eredua, eta, horren ondorioz, berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna integratu ditu bere barne-prozesuetan, bere zerbitzuak berritu eta optimizatzeko. Asmo hori aurrera eramateko bere aliatuetako bat BIND SME izan da, euskal ETEei startup disruptiboen soluzioak hurbiltzen dizkien Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza-programa irekia.
ETEak BIND SMEra jo zuen errealitate areagotuko eta mistoko soluzio baten bila, bertan lantzen ari ziren bi apustu berritzaile elkartzeko: IoT teknologian oinarritutako teleaginte- eta telekontrol-plataforma eta eraikuntza-proiektuen biki digitalak. Eusko Jaurlaritzaren eta SPRI Taldearen ekimenari esker, XR soluzioetan aditua den bexReal startuparekin harremanetan jarri ahal izan zen. Eurekin batera, bi proiektuen arteko lotura-zubia garatu dute, dinamikoa, arina eta enpresaren beharretara egokitua.
FHIMASAren ustez, lankidetza hori funtsezkoa izan da bere lehiakortasuna sustatzeko eta sektorearen buru izaten jarraitzeko, merkatuaren eskaerei erantzuteko gai diren soluzioak landuz: “BINDek berrikuntzako joerak eta egungo industriak eskatzen dituen beharrak ezagutzeko aukera eman digu”, azaldu du negozio-garapeneko eta berrikuntzako zuzendari Ruben Fernandez-ek.
Berrikuntza, ikus daitezkeen emaitzekin
BIND SMEk soluzio pertsonalizatuak eskaintzen dizkie euskal enpresen beharrei, eta horrek enpresei aukera ematen die egungo merkatuan duten lehiakortasuna hobetzeko. “BIND SMEk industrian eragin nabarmena duten proiektuak egikaritzen laguntzen du”, azaldu du beXReal startup-eko CMO eta negozio-garapeneko arduradun Javier Sordo-k.
BIND SMEren lau edizio arrakastatsu egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak ahalbidetu du EAEko 80 ETEk baino gehiagok 40 startup baino gehiagorekin lan egitea, hainbat sektoretan berrikuntza-proiektuak garatzeko, hala nola elikaduran, eraikuntzan, energian, ekipamenduan, jasangarritasunean eta ingurumenean, besteak beste. Era horretan, Euskadi industria-berrikuntzaren erreferente kokatzen lagundu du. “BIND SMEk berrikuntzaren alde egiten duten ETEak merkatuan posizionatzen laguntzen du” gaineratu du Ruben Fernandez-ek.
Hartu parte BIND SMEren hurrengo edizioan
Eusko Jaurlaritzak jada jarri du abian BIND SMEren 5. edizioa, FHIMASArena bezalako kasu arrakastatsu berriak sortzeko helburuarekin. Programak euskal ETEen lehiakortasuna sustatzen jarraitu nahi du, startup disruptiboekin lankidetzan arituz, honako esparru hauetan:
- Adimen Artifiziala enpresan integratzea
- Zibersegurtasuna
- Ingurumen-jasangarritasuna
- Smart Factory
- Produktuaren berrikuntza eta garapena
- Prozesuen eta eragiketen optimizazioa
- Balio-katea
BIND SMEren 5. edizioan parte hartzeko, Euskadiko enpresa txiki eta ertainek uztailaren 4ra arte eman dezakete izena hemen.
