BPGaren igoerak harrera ona izan dute, baina aztertu behar da hazkunde harmonikoari erantzuten dioten edo, aitzitik, desorekak sortzen dituzten

Sozietate baten garapen ekonomikoa bere BPGaren (Barne Produktu Gordina) urteko igoeraren arabera neurtzen da. Adierazle horrek “urtean ekoitzitako ondasun eta zerbitzu guztien balioa” kuantifikatzen du, eta aurreko urtearekiko aldakuntza-ehunekotan adierazten da.

Ekonomia osatzen duten sektoreen bilakaeraren batez besteko balioa da. Batzuk hazi eta garatzen diren bitartean, beste batzuk gainbeheran sar daitezke. BPGaren igoerak ongi hartuak dira, baina beharrezkoa da aztertzea ea hazkunde harmoniko bati erantzuten dioten edo, aitzitik, egiturazko desorekak sortzen dituzten. Sektore baten aldebakarreko garapena arriskutsua da beste batzuk gainbeheran sartzen diren bitartean, kontuan hartu beharreko albo-ondorio kaltegarriak sortzen baititu.

Aurreko mendean, euskal ekonomiak eraldaketa sektorial handia izan zuen. Industrializazioaren aldeko apustu irmoak ekonomiaren gorakada handia ekarri zuen, lehen sektorea moteltzen ari zen bitartean. Garapena nabaria izan zen: herrialdearen aberastasuna hazi zen, erakundeak modernizatu ziren eta ongizate estatu inbidiagarria lortu zen. Industriak BPGari egiten dion ekarpena % 40tik gorakoa izatera iritsi zen, eta lehen sektoreak, % 50 inguru zenak, % 5etik behera egin zuen. Aldaketa horiek ondorioak ekarri zituzten gizarte-orekan eta -egonkortasunean:

  • Landa-eremuak jendez hustea eta hiriak izugarri haztea. Nekazaritza ustiapenak utzi ziren, laboreak eraldatu ziren, baserria bigarren egoitza izatera pasa zen eta landa kultura lekukotasun izaera batera zokoratuta geratu zen (kirola eta folklorea).
  • Elikadura-menpekotasuna, autohornikuntzatik inportazio masibora igaroz; horrek ahultasun estrategiko handia dakar, eta egoera zaurgarrian jartzen du herrialdea.
  • Hurbileko tokiko merkatuen gainbehera, egokituak, ezagunak eta fidagarriak, zeinak kanpoko kateek ordezkatu baitzituzten, jatorri globaleko produktu eta zerbitzuekin.
  • Ingurumena abandonatzea eta hondatzea, gero eta desoreka handiagoekin, atzeraezintasun-egoeretara iritsi arte.

Gaur egun, beste mugimendu eraldatzaile handi baten hasieran gaude. Indartsu ari da sortzen sektore berri bat, zerbitzuen sektorean kokatua, hazteko potentzial handia erakusten hasia dena. Zerbitzu aurreratuen jardueraz ari naiz, “ezagutzaren sektore” gisa izendatzen hasi dena, ikerketa zientifiko-teknologikoak, erakunde akademikoek, informazioaren teknologiek, komunikazioak eta beste jarduera baliokide batzuek osatzen dutena. BPGari egiten dion ekarpena lehen sektorearena bikoizten du, eta indartsu hazten ari da. Adimen artifizialaren aplikazio berriek garapen leherkorra iragartzen dute.

Hala ere, “ezagutzaren sektorearen” aldeko apustu irmoak sektore tradizionalak baztertzeko arriskua du, intentsitate berarekin artatzen ez badira. Ezinbestekoa da garapen ekonomikoa sendoa eta orekatua izatea, albo-ondorio kaltegarriak saihestea eta “garapenaren ekipotentzialtasun sektoriala” sustatzea.

“Ezagutzaren sektoreak” ahalmen bikoitza du:

  1. Nazioarteko merkatuetan jarduera lehiakorra izatea.
  2. Euskal ekonomia osoa modernizatzeko motor gisa jardutea.

Bi kontzeptuak osagarriak dira. Euskal gizartearen teknifikazio aurreratuak, lehen eta bigarren sektoreak indartzen laguntzeaz gain, ezagutzaren sektoreari “giharra” emango dio nazioarteko merkatuei heltzeko. Proiektu estrategikoak garatzea, ahalegin publiko eta pribatuak bateratzea eta sektore sortu berria sektore tradizionalen teknifikazioan inplikatzea da ekonomiaren garapen orekatua bultzatzeko eta aukera berriak indartzeko modurik onena.

Laster etorriko den eraldaketa sozioekonomikoak gure lehiatzeko gaitasuna ahalik eta gehien fintzea eskatuko du. Beharrezkoa da gizarte-antolakuntzak “erloju” baten moduan funtzionatzea; desorekek eta “pieza solteek” zehaztasunarekin bateraezinak diren atzerapenak sortzen dituzte. Lasterketa lehiakor berri honetan, denok gaude “irteera lerroan” eta aukera berdinak ditugu. Euskal Autonomia Erkidegoak baditu erronka bere gain hartzeko behar diren “zumeak”; etorkizun itxaropentsuak nahi izatea eta ahaleginak batzeko borondatea besterik ez da falta.