Gero eta globalizatuago dagoen gizartean, herri proiektuak iraultzaile bihurtzen dira sarritan. Horren adibide da Errigora ekimena. Errigoraren proiektua lau hanka dituen mahai baten gainean dago. Lehenengo hanka bere kokalekua da: Nafarroako Erribera. Vianatik Zangozara, Cortesetik Garesera. Lurralde horretan dago errotuta kooperatiba. Bigarren hanka elikadura-burujabetza da. Herriaren lurrak ematen duena, herriarentzat. Auzolana da beste oinarrietako bat, herri sentimenduaren isla. Azkenik, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, euskara. Tokian tokiko produktuekin batera, bertako produktuak sustatzea. Gaurkoan, proiektu honen ibilbidearen, nortasunaren eta etorkizuneko helburuen deskribapena eskainiko zaizue, Peru Aranburu Errigorako lantaldeko kidearen bitartez

Zein izan zen proiektu honen pizgarria?

Proiektuaren lehen pausoa 2012an eman zen, Tuterako Argia ikastola eta Zazpiak Bat Harreman Sarearekin. Kanpaina horretan, tokian tokiko produktuez osaturiko saskiak egin ziren, ikastolaren egoera ekonomikoa zela-eta, laguntza emateko.

Zer gertatu zen kanpaina horretan?

Egia esan, gure aurreikuspenak guztiz gainditu ziren. Emaitza espero genuena baino askoz emankorragoa izan zen, eta 1.500 saski inguru banatu genituen. Konturatu ginen euskara eta bertako nekazaritza sustatzeko interesa zegoela gizartean.

Zein izan zen orduan kooperatibaren hurrengo urratsa?

Lehenengo esperientzia horretatik abiatuta, ideia horri forma emateari ekin genion, era ordenatu eta antolatuagoan. Auzolana eta lan-profesionala konbinatzen zuen proiektu bat eraiki nahi genuen. Urrats hori 2013an eman genuen, jada Errigora bezala. Urtean zehar urte amaieran kaleratuko genuen kanpaina ibili ginen prestatzen, eta, aldi berean, proiektua finkatzen. Proiektuak zituen behar komukatibo, juridiko eta ekonomikoak argitu behar genituen, Nafarroako hegoaldeko ekoizleekin harremanak ezartzeaz gain.

Proiektu honen oinarrian, zergatik daude euskara eta nekazaritza?

Errigora ekimena finkatzean, hausnarketa sakona egin genuen. Konturatu ginen Nafarroako hegoaldeko eremuan erantzun bat behar zutela bai euskararen errealitateak bai nekazaritzaren gainbeherak. Bi gai horiei erantzun praktikoa eman nahi genien. Hasiera batean, apenas zerikusirik dituzten bi eremu direla ematen du, baina proiektu honek bi arazo sektorial batu ahal direla erakutsi du.

Proiektuari ekiteko orduan, zeintzuk izan ziren zailtasunik handienak?

Euskararen munduan, dispertsio handia zegoela ikusi genuen. Eremu geografiko handi batean, euren artean oso bananduta zeuden proiektu eta ekintzaileekin topo egin genuen. Harreman gutxi zegoen ekimen horien artean, bakoitza bere borrokan baitzegoen murgilduta. Nekazaritzan, egituraketa falta sumatu genuen. Adibidez, ez zegoen horiekin modu orokorrean kontaktatzeko inolako baliabiderik, eta ekoizleekin atez ateko lana egin genuen. Bakoitza ezagutu eta konbentzitu behar izan genuen, gurea zen egitasmo batean parte hartzeko aukera emateko. Gainera, instituzioek ez zuten arazo hauek konpontzeko alternatibarik eskaini.

Egoera zail horretatik abiatuta, zeintzuk izan dira proiektuaren ekarpenak?

Lehenik eta behin, biek —euskarak eta nekazaritzak— dituzten zailtasunak ulertu behar dira. Kontziente izan behar gara arazo estrukturalak eta sakonak direla, eta behin betiko konponbidetik urrun gaude. Hala ere, nabarmendu behar da zenbait pauso eman direla auzi honetan. Dena asmatzeko dagoen arren, ikuspegi horretatik saretze bat sortu da, eta apurka-apurka baldintzak daude epe luzera begiratzeko. Bi auzi horietan, harreman dinamikak abiarazi ditugu, eta elkarlana planteatzeko aukera eman dugu.

Eta proiektuak berak, zer aurrerapauso izan ditu?

Alor horretan, ekonomikoki autosufizienteak gara. Kanpainetan banatzen diren saski kopuruak egonkortu dira, hazi egin dira, eta igoera hori egonkortzea lortu dugu. Proiektuari bideragarritasun ekonomikoa emateko funtsezko ezaugarria da. Gainera, lehenengo aldiz Errigoraren sorreratik, plan estrategiko esplizitu eta ordenatua eraikitzeko gai izan gara. Hurrengo hiru urteak hartzen dituen plana sortu da, intuizioetatik eskuratzen dena baino haratago doana. Egitasmo bezala, aurrerapen handia izan da.

Etorkizuna enfokatu baino lehen, orainaren argazkia aterako dugu. Koronabirusa. Zein izan da pandemiaren eragina zuengan?

Pandemiak eragin duen oinazeaz ez gara libratu. Azkenean, gure proiektua herrigintzan oinarritzen da, auzolanean. Pandemia garaitik barneratu diren hainbat neurri sozializazioa ekiditeko daude pentsatuak, eta sozializatzeko zailtasun horiek oztopo bihurtu dira gure proiektuan. Gainera, zonaldean euskara sustatzeko ditugun ekimenak, Agerraldiak izenekoak, izugarri mugatu dira. Hala ere, pandemiak eragin positiboa ere izan du gurean. Pandemiak erakutsi digu gertutasuna baloratzen, tokian tokiko ezaugarriak baloratzen. Azkeneko kanpainan inoiz baino saski gehiago banatu ditugu. Jendea konturatu da zer-nolako garrantzia duen tokian tokiko ekimenak babesteak, eta hori elikaduraren arloan ere ikusi da. Elikadura zaintzeko nahia sartu du pandemiak. Uste dut joera horrek iraungo duela etorkizunean. Garai honetan guregana hurbildu den orok gure alboan segituko duela pentsatzen dut, eta beren bizimoduan gure produktuei sarrera ematen jarraituko dute.

Orain bai, etorkizunari begira, zeintzuk dira zuen helburuak?

Gure helbururik hurbilena udazkeneko kanpaina da. Kanpaina hori prestatzeko jada gure dinamikaren barne dauden harremanak (sindikatuekin, euskara elkarteekin, alderdi politikoekin) mantendu nahi ditugu. Behin hori berretsita, Nafarroaren hegoaldeko errealitatea fokoan paratzea planteatu nahi dugu. Aipatu ditugun arazo estrukturalei eman behar zaien erantzuna plazaratu nahi dugu.

Egilea Admin