Hilabete honetan martxoaren 8a ospatu da nazioartean, hau da, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Osasun egoera dela-eta, aurten ez dira ikusi antzina ohikoak ziren manifestaldi erraldoi eta jendeztatuak, baina pandemiak ez du egunaren alde iraultzailea zapuztu. Aurreko urteetan ekimen amankomunak egin izan dira egun honetan (emakumeen grebak, kontsumo grebak, etab.), baina aurtengoan zaintza arloak izan du berebiziko garrantzia. Emakumeek sektore horretan duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, koronabirusak ere garrantzi hori islatu duelako. Egun garrantzitsua eta oroitaraztekoa; ez dezagun ahaztu oraindik bide luzea dagoela egiteko gizartearen arlo guztietan berdintasuna lortzeko, bai arlo sozialean, bai ekonomikoan, bai kulturalean, eta abar
Urtero bezala, martxoaren 8ak borroka feministaren indarra erakutsi du. Pandemia dela-eta, ezin izan dira errepikatu ohikoak ziren irudiak: milaka eta milaka emakume karriketan, berdintasunaren alde eta hura lortzeko falta dena eskuratzeko aldarrikapenak egiten. Martxoaren 8ak emakumeek emakume izateagatik pairatzen dituzten oztopoak plazaratzen ditu, eta oroitarazi nahi digu oraindik pauso asko falta direla parekidetasuna lortzeko.
Argi dago egun honetan egiten diren aldarrikapenak anitzak direla, baina, oraingoan, arlo ekonomikoarekin zerikusia dutenetan zentratuko gara. Aurtengo aldarrikapenek pandemiaren eragina izan dute, eta manifestazioen erdigunean emakumeek izurritean zehar euren gain hartu dituzten zaintza-lanak egon dira.
Pandemiaren aurretik, Eusko Jaurlaritzak egindako 2018ko Euskadiko Osasun Inkestaren arabera, Euskadiko gizonek batez beste 13 ordu ematen zituzten astean etxeko lanetan eta zaintza-lanetan, eta emakumeek, berriz, 22 ordu. COVID-19aren etorrerarekin, zifra horiek areagotu egin dira. “COVID-19a eta zaintzen ekonomia: berehalako akzioak eta genero perspektiba duen susperraldiaren eraldaketa estrukturalaren beharra” txostena kaleratu du NBE Emakumeak erakundeak egun honen harira. Bertan, egoera desegokiaren irudi garbia islatzen da. Txostenean laburbiltzen denez, “igo egin da ordaindu gabeko zaintza-lana, haurrak ez baitira eskolara joaten, adinekoek zaintza gehiago behar dituztelako eta osasun-zerbitzuak kolapsatuta baitaude koronabirusaren eraginarekin”.
Arrakala sakonduz
Txostenak ondorio deigarri gehiago plazaratu ditu. COVID-19aren krisiaren testuinguruan, zaintza-eskariak gora egiteak eta horri emandako erantzunak, ziurrenik, generoaren araberako lan-banaketan nagusi diren desberdintasunak sakonduko ditu, eta horrek zama neurrigabea ekarriko du emakumeentzat eta neskentzat. Hau da, pandemiak jada zegoen arrakala sakondu du. Koronabirusa gure eguneroko parte bihurtu zenetik, emakumeek etxeko zaintzan 4,1 ordu eman dituzte egunero; gizonek, ordea, 1,7 ordu baino ez dituzte eman.
Egoera horri aurre egitea eta emakumeek zaintzan egiten duten lana ikusaraztea izan da aurtengo martxoaren 8ko kanpainaren ardatza. Emakundek antolatutako kanpainan zehar erakutsi denez, “pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi du zaintza-lanek bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia”, eta zaintzarekin konprometitzeko beharra azpimarratu da.
Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak zaintzarekin lotutako hiru alderdi nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, zaintzaren garrantzia azpimarratu da; funtsezkoa da gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako. Gero, arlo horren ikusezintasunaren txanda etorri da, kanpainan zehar indartu den ideia. Azkenik, emakumeen eta gizonen arteko banaketa desorekatua mahaigaineratu da. Desoreka horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, emakumeen sarbidea mugatzeaz gain hezkuntzan, osasunean, ordaindutako lanean, euren parte hartzea mugatu egiten delako eremu publiko nahiz kulturalean.
Etxeko lanetatik kanpoko eremu publikoan emakumeak indarra galdu du, eta esaldi hori egiaztatzeko, Espainia mailako zenbait datu ditugu. Lehenik, ikastetxeen itxierak eta, ondoren, konfinamendu totalak krisi ekonomikoa eta zaintza-krisia piztu zuen, berdintasunarentzat mehatxu bihurtu dena. 2020an, adingabeak, adinekoak edo gaixoak zaintzeagatik lana bilatu ez zuten pertsona ez-aktiboen % 93 emakumeak izan ziren. Iazko bigarren hiruhilekoan, konfinamenduaren tarterik gogorrenean, lana zuten 61.000 emakumek euren jarduera utzi zuten ingurukoak zaintzeko. Gizonen kasuan, kopuru hori apenas ailegatzen da hamarren batera, eta 6.500 gizonek prozesu berbera pairatu zuten. Zifrak eta horien arteko aldea antzekoak izan ziren urtean zehar, UGT sindikatuak jasotako BAI biztanleria aktiboaren inkestaren datuen arabera.
Oinaze ekonomikoa
Datu kuantitatiboetatik haratago, pandemiak gainkarga fisiko, psikologiko eta mentala utzi du. Lehen ikerketen arabera, pandemiaren garaian gizonek etxeko lanetan eta zaintza-lanetan gehiago parte hartu badute ere, karga nagusia emakumeen gain geratu da. Emakumeak dira, halaber, beren lan-baldintzak gehiago malgutzen ari direnak, zaindu ahal izateko. “Familiaren barruan konpondu beharreko lana aurrekaririk gabe handitu bada ere, banaketaren aldaketa oso gutxi aldatu da”, azaldu du Lidia Farre ekonomialariak, ikerketa horietako baten egileak.
UGTren txostenean ere aipatzen da emakumeak izan direla, batez ere seme-alabak dituztenak, aurtengo eraginik handiena jasaten ari direnak osasun mentalean eta emozionalean: “Pandemian zehar, agerian geratu dira zaintza-lanek emakumeentzat dituzten ondorio sozial larriak, bereziki ondorio negatiboak, eta erantzunkidetasuneko eta gizarte-babeseko politika egokirik ez izatea, bai zaintza-sektorean lan egiten duten emakumeentzat, bai etxeko esparruan lan horiek gehienbat beren gain hartzen dituzten langileentzat. Azken hilabeteetan, lana eta familiaren zaintza bateragarri egin behar izan dituzte”.
Egoera zaurgarria
Orain arte eman diren datuak pandemiak genero arrakalan sortu duen eraginean zentratu dira. Hala ere, koronabirusak lehenago ere jada bazeuden ezberdintasunak okertu ditu. Emakumeek pandemiak ekarri duen lan estra gainean hartu dute, eta euren egoera zaurgarria are gehiago ahuldu dute.
Adibide argienak diru-sarrerei dagozkien datuetan daude. Euskadiko gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala 7.200 eurokoa da, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Gizonek, batez beste, 31.970 euro irabazten dituzte urtean, eta emakumeek, berriz, 24.757 euro. Sektoreka, alderik handienak zerbitzuen sektorean daude.
Sara de la Rica Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako katedradunaren “Genero-murrizketak Euskadiko lan-merkatuan” azterlanaren arabera, sexuaren araberako okupazio-segregazioa da emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalan gehien eragiten duen faktorea, % 35eraino. Bereizketa horren ondorioz, emakumeek eta gizonek genero-rolei lotutako lanbideetan lan egiten dute, eta ikusten da soldata-arrakala handiagoa dela, emakume gehiagok egiten badute lan sektore zehatz batean. Hau da, femeninotzat jotzen diren enpleguak okerrago ordaintzen dira.
Kristalezko sabaia
Estatistikek erakusten dute gero eta emakume gehiago daudela enpresa handietako administrazio-kontseiluetan, eta horrek pentsarazi dezake enpresa-munduan genero femeninoaren ordezkarien kristalezko sabaia delakoa haustea lortu dela. Baina errealitate horretatik oso urrun gaude. Emakumeek ez dute lortu oraindik konpainietako goi-karguetara iristea, presidenteen eta kontseilarien izenen gibelean ez dago-eta emakume izenik. Adibiderik lazgarriena: burtsan kotizatzen duten 18 enpresak ez dute emakumerik boteredun lanpostuetan.
EAEko lau enpresetatik batek, zehazki % 23,9k, administrazio-kontseiluan duen emakumeen ordezkaritza gutxienez % 40koa bada ere, goi-karguen errealitatea oso bestelakoa da.
Ibilbide luzea
Pandemiaren eraginpean ospatu den aurtengo martxoaren 8ak generoen arteko arrakalaren sakonera eduki du ardatz. Koronabirusak jada lazgarria zen egoera okertu du. Ez bakarrik ekonomian suertatu diren aldeetan, baizik eta gizartean aurkitzen diren alde guztietan.
Aurreikusten denez, oraindik urrun dago egun honetan eskatzen diren aldarrikapenak beteko diren eguna. Bide luzea dago oraindik parekidetasuna lortzeko, baina, gizarte bezala, ezin dugu amore eman, afera honetan edozein lasaitze aldik lortutako pauso guztiak zapuztu ahal dituelako.
Birusaren negazionistak
Izurriteak hainbat hitz berri normalizatu ditu gizartean: “berrogeialdi”, “etxeratze-agindu”, “hurbileko kontaktu”, eta abar. Horien artean, “negazionista” edo “ukatzaile” hitza dago. Hamaika aldiz aditu dugu, eta, pandemiaren testuinguruan, birusean edo horien eragin negatiboetan sinesten ez duen pertsonari egiten dio erreferentzia. Zoritxarrez, birus guztiek dituzte negazionistak, eta genero arrakala ez da salbuespena. Hori dela eta, erreportajean jorratzen diren datuak ez badira aski, beste datu batzuk ere emango dira hurrengo lerroetan laburbilduta, ea ukatzaileen ikuspuntua aldatzen dugun:
Arrakala ez da lan egindako orduengatik bakarrik azaltzen: gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala ukatzen dutenen argudio nagusietako bat da ordainsarien arteko aldea justifikatzea, emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dutelako. Zenbat eta ordu gehiago lan egin, orduan eta soldata handiagoa; hori pentsa liteke munduko zentzu osoarekin. Baina ez da horrela.
Emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiteak azaltzen du arrakalaren zati bat, baina ez guztia. Soldata-aldeak daude lan egindako ordu bakoitzeko soldata arrunta erreferentziatzat hartzen denean ere, INEren datuen arabera: gizonek emakumeek baino % 11,3 gehiago irabazten dute orduko.
Emakumeek ordu gutxiago lan egiten dute, askotan beste aukerarik ez dutelako: egia da, emakumeek gizonek baino ordu gutxiago lan egiten dute batez beste. Hala ere, ukatzaileek soldata-arrakala murrizteko erabiltzen duten argudio horrek badu genero-osagai garrantzitsu bat ere. Askotan, emakumeek ordu gutxiago lan egiten dute –lanaldi partzialeko kontratuen bidez, adibidez, lanaldi osokoen ordez– lanaldi osoko lanik aurkitzen ez dutelako (kasuen % 53), baina baita senitartekoak zaintzeko ere.
Espainian, 2019an lanaldi partzialean lan egiten zuten ia hiru milioi pertsonen artean (2.896.600), % 74 emakumeak ziren eta % 26 gizonak. Portzentajeetan sakonduz gero, emakumeen % 14k lanaldi partzialeko kontratuak zituzten “haurrak, heldu gaixoak, ezinduak edo adinekoak zaintzeko”; arrazoi hori lanaldi partzialak dituzten gizonen % 3,9k soilik zuten. Emakumeen % 7,1ek “beste familia-betebehar edo betebehar pertsonal batzuk” dituela argudiatzen du, eta gizonen% 2,7k baino ez.
Seme-alabak izateak emakumeen soldatak oztopatzen ditu, baina ez gizonenak: amatasunak soldaten arrakala areagotzen du Espainian. Emakumeak haurrak izateko adin ohikoenetan sartzen diren heinean, haien soldatak jaitsi egiten dira ezaugarri bereko gizonekin alderatuta. Zenbaki gakoa 30 urteetan dago. Adin hori baino lehen, emakumeen eta gizonen soldatak antzekoagoak dira (% 4 baxuagoak emakumeenak). Hogeita hamarretik aurrera, berriz, aldea % 10era igotzen da. 40 urterekin, emakumeek, batez beste, gizonek baino % 15 gutxiago kobratzen dute, eta zifra hori % 20raino igotzen da 50 urtetik gorako pertsonez ari garenean.
Adi osagarriei, arrakalaren funtsezko fokua: aparteko ordainsariek pisu handiagoa dute gizonen ordainsarietan emakumeenetan baino, INEren arabera (% 10,1 eta % 9,4, hurrenez hurren). Eta gizonek, osagarri gehiago jasotzeaz gain, emakumeenak baino ugariagoak dira. UGTk nabarmendu du oinarrizko soldataren arrakala % 16,15ekoa dela, eta % 25,85ekoa, berriz, soldata osagarriak bateratuta, 2018ko Soldata Egituraren Inkestaren arabera.