Sortutako bateriek bigarren bizitza ere izango dute, Cegasaren laguntzaz

Nuuk Mobility eta Ikerlan elkarlanean ari dira bateria moldagarri eta berrerabilgarri berri bat garatzeko, ibilgailu elektriko arinetarako. Bateria prototipoak ibilgailuen autonomia eta jasangarritasuna hobetuko ditu, errekuntza-ibilgailuen alternatiba jasangarri eta eraginkorra bihurtuta.

Bateriak sortzeko, Ikerlanek irtenbide multiteknologikoa aztertu du: bateriaren diseinua modularra da, eta, hala, ibilgailu mota desberdinetara egokitu daiteke; prototipoa gai da potentzia eta autonomo premia desberdinak asetzeko. Hau da, “modu ezin hobean” doitu eta dimentsionatzen du biltegiratutako energia.

Horrez gain, sortzen ari diren bateriak bigarren bizitza izan dezake, “energia-dentsitatearen eskaera hain handia ez den aplikazioetan”. Cegasa enpresak horretan lagunduko du, haiek arduratuko baitira bateriak berrerabiltzeaz, energia modu geldikorrean biltegiratzeko erabiliko baitituzte.

Bateriaren garapena martxan

Ikerlan Nuuk Mobility-rentzat prestatzen ari da bateria, baina oraindik ere balioztatze teknologikoaren fasean dago. Alegia, oraindik ez da ibilgailuan instalatu, laborategian probak egiten ari baitira produktuaren fidagarritasuna, eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko helburuarekin.

Nuuk Mobility-k, besteak beste, bezero ditu Correos eta Burger King konpainiak. Pablo Llop enpresako Ingeniaritzako zuzendariak garrantzia eman dio bateriek bigarren bizitza izateari, “berrikuntzailea” delakoan. Eduardo Miguel Ikerlaneko ikertzaile eta proiektu buruak honako hau gaineratu du: “Ikerlanek eta Nuuk Mobility-k mugikortasun efiziente, adimendun eta jasangarriagorako trantsizioan funtsezko eragile gisa dugun zeregina indartzen dugu”.