Teknologiari esker, gure bankuko kontuak mugikorraren bidez kontrolatzeko aukera dugu. Abantaila handia da gure dirua une oro kontrolatu ahal izatea. Noski, abantaila ugari izan arren, beste desabantaila batzuei aurre egin behar diegu. Ziberdelitugileak eta online iruzurrak ere sartu dira gure egunerokotasunean. Banku guztiek ziberdelinkuentziari aurre egiten diote, baina hemen aholku batzuk eman nahi dizkizuegu, segurtasun tresna horiek era eraginkorragoan erabiltzeko
Gailu bakar bat lotu kontu korrontera: Zure banku kontuan sar zaitezke hari lotu diozun mugikorraren bidez; horrela ziurtatzen da norberak bakarrik izango duela bere dirua eskuratzeko aukera. Gainera, gailu bakar bat edo ahalik eta gutxien lotzen badira, norberak bere kontuaren gainean duen kontrola areagotzen da.
Faktore bikoitzaren autentifikazioa: Banku ugarik jada sistema hori darabilte euren aplikazioetan sartzeko. Mugikorrean saio berri bat irekitzean, norberaren pasahitza sartu edo nortasuna egiaztatzeko aukera ematen da bitarteko biometrikoen bidez, kontuaren legezko titularrak garela frogatzeko.
Hatz-marka digitala eta aurpegi-azterketa: Mugikorrak garatuz joan diren heinean, euren sarbideak ere garatu dira. Egun, aski normala da mugikorrek hatz-marka bat edukitzea mugikorrean sartu ahal izateko. Bankuak ere abantaila horietara moldatu dira eta segurtasun aferetan laguntzen digute. Kasu honetan, kontuaren titularrak bakarrik has dezake saioa, eta kontu horretan norbera bakarrik sartzeko aukera bermatzen da. Horri esker, beste hesi bat jarri ahal diozu zure kontuari, eta are zailagoa izango da hackerrak zure kontuan sartzea.
Hatz-markaz gain, aurpegiaren azterketa ere sartu da mugikorretan azken urteetan. Hala ere, berrikuntza hori ez duten gailuak oraindik ugariak dira, beraz, posible da zuen mugikorrek ez edukitzea berrikuntza hori.
Berehalako jakinarazpenak: Kontrolatu zure transakzio guztiak denbora errealean, berehalako mezuekin. Kontuan erregistratzen den transakzio bakoitza berehala berrikusteko aukera izango duzu, zuzen-zuzenean zure mugikorraren bidez. Jakinarazpen horiek edozein mezularitza aplikaziok eskaintzen dituen mezuak bezala agertzen dira, eta zure kontuaren etengabeko kontrola edukitzea ahalbidetzen dute.
Txartela appetik blokeatu: Aholku hauek ez dira eraginkorrak ehuneko ehunean, zoritxarrez, oraindik ez dagoelako online lapurretak bere osotasunean saihesten dituzten erremintarik. Halakoetan, txartelaren datuak lapurtu dizkizutela susmatzen baduzu, berehala blokeatu dezakezu txartela zure mugikorretik. Bestela, zure PINa edo kodea aldatzeko aukera ere badago aplikazioetan.
Autentifikazio kodeak: Dagoeneko hainbat bankuk autentifikazio-urrats bat betetzera behartzen gaituzte online ordainketak baimentzeko. Sistema hau oso sinplea da: behin ordainketa online bat egiten dela, kode bat bidaltzen da kontuaren titularraren mugikorrera. Gero, bidalitako kode hori salerosketaren web-orrian idatzi behar da, eta segurtasun-maila are gehiago handitzeko, denbora muga bat dago kode hori sartzeko. Behin kode hori sartzean eta web-orriak berak onartzean, orduantxe burutzen da ordainketa. Horrela bermatzen dugu gure segurtasuna.