A lo locker zerbitzuaren bultzatzaileek erronka guztiei egin diote aurre euren negozioa martxan jartzeko. Negozio aitzindaria da Bilbon. Zazpikaleetan dago, eta joan den azaroan inauguratu zuten, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatu betean. Beren zerbitzua maletak eta tamaina ertaineko tresnak gordetzeko kutxatilategiak eskaintzen dituen gunea da.
Haien negozio plana ondo aztertzen bada (“nahiz eta orain bezero gutxi izan”, Manu Echeverriak eta Rossemary Vásquezek aitortu dutenez), Bilbo turistikoari munduko beste hiri askotan eskatutako zerbitzua ematera abiatu dira. “Asko bidaiatu dugu, batez ere Europako herrialdeetan, eta guk beti erabili izan dugun zerbitzua da. Oso praktikoa da, eta hemen horrelakorik ez zela ikusi genuen”, azaldu du Echeverriak negozioaren jatorria argitzeko.
Funtsean, A lo locker zerbitzuak norberaren poltsak, motxilak, maletak eta halakoak gordetzeko kontsigna automatizatua eskaintzen du, Interneten bidez. Lehenik eta behin, bere webgunean gorde beharreko maleten edo poltsen arabera erabili beharreko kutxatilategiaren tamaina eta utziko den eguna aukeratzen dira. Ondoren, online txartelarekin ordaintzen da, eta harremanetarako helbide elektronikoan, bezeroak kode bat jasotzen du lokalera sartzeko eta kutxatilategia irekitzeko.
Bi kideek bilatzen duten bezeroaren prototipoa turista da; batez ere, gaztea eta penintsulatik datorrena. “Egin dugun ikerketa baten arabera, Bilbora etortzen diren turisten % 80 Iberiar penintsulatik datoz. Gero, % 15 Europar Batasunekoak dira, eta gainerako % 5 munduko gainerako herrialdeetakoak dira”.
Arraro samarra da negozio-modelo batek mugikortasuna oinarri duen industria bat oinarri hartzea, turismoa, oraingoan, gaur egungo osasun egoera kontuan hartuta. Enpresako kideek azaldu dutenez, dena prest zuten 2020ko martxoan irekitzeko, eta alarma-egoera iritsi zen: “Pandemiak gure planak egun batetik bestera zapuztu zituen, baina hilabeteak igaro ziren eta aurrera egitea erabaki genuen”.
Txertaketa kanpaina
Gabonetan nolabaiteko mugimendua izan zutela eta Googlen aipamen positiboak utzi dizkietela nabarmendu dute, baina hemendik udara galerak izango dituztela ere aipatu du. Hala ere, hilabete zail hauetan irekita segitzeko oraindik marjina badutela aitortu dute: “Gure itxaropen handiena txertaketa kanpaina da. Badakigu kanpaina hori zenbat eta biziagoa izan, azkarrago bueltatuko garela lehengo normaltasunera. Normaltasun horren barnean, noski, sektore turistikoa berpiztuko da, eta irrikaz gaude berpizte horren parte izateko”.
A Lo Locker zerbitzuaren agerpena baino lehenago, hiriko taberna eta denda batzuek zerbitzu bera sare sozialen bidez eskaintzen zuten. Maletak gordetzeko aukera ematen zieten bidaiari horiei, baina Echeverriak nabarmendu duenez, zerbitzu kaskarra eskaintzen zuten. “Maletak eta motxilak edukitzeko tokiak ez ziren seguruak izaten, ez zen inolako bermerik ematen objektuen zaintzan, eta zerbitzu horiek oso garestiak ziren”. Orain, enpresa berri honek bezero horiek bereganatu nahi ditu.
Bezero bila
Beste bezero mota batzuk ere bilatzen dituzte. Etxebizitza turistikoen jabe ia guztiekin hitz egin dute, euren kutxatilategiak erabil ditzaten eta bezeroek giltzak utzi eta jaso ditzaten. Izan ere, tamaina txikiko hainbat kontsigna prestatu dituzte horretarako, eta prezio aproposa dute. “Batzuei ideia bikaina iruditu zaie, baina orain, bezerorik gabe, gu bezala daude”, aipatu du Vasquezek.
Beren negoziora erakarri nahi duten erabiltzaileen beste merkatu-hobi bat askoz hurbilagoa da. “Bilboko eta Bizkaiko jendea, adibidez, beste herri batzuetatik egun pasa eta erosketak egitera datorrena. Erosketa horien poltsak gainean eramatea saihestu diezaiekegu, Zazpikaleetan paseatu edo itzuli aurretik trago batzuk edan nahi badituzte”, iradoki du Vasquezek.
Era berean, bigarren eskuko salerosketa aplikazioen (Wallapop edo Vinted) ehunka erabiltzaileen artean bitartekari izateko eskaintzen dute beren zerbitzua, produktuak kutxatiletan utzi eta segurtasun osoz jaso ahal izateko.