Charles Darwin zientzialari britainiarrak plazaratu zuen oinarrizko arauarekin alderatuz, edozein enpresaren biziraupena, neurri handi batean, bere baitan bere jarduera birsortzeko ezartzen dituen mekanismoen araberakoa da.

Arlo horretako hainbat adituren ildotik, behin eta berriz argudiatu dut denboran bizirauteko nahia duen erakunde batek hiru alor espezifikotan kudeatu behar dituela bere ahaleginak. Lehenengo, egungo negozioa eraginkortasunez gauzatzeko ekimenak. Bigarrenik, egungo edo momentuko ordezko ekimenak, produktu, zerbitzu edo negozio berriei dagokienez. Hirugarrenik, etorkizuneko garapen-bidean eragin dezaketen aukerak aztertzea.

Egia esan, berrikuntzaren afera (esaterako, bigarren eta hirugarren fokuak) buruhauste ugari ekar ditzakeen gaia da. Besteak beste, epe ertain/luzerako garapena egunerokotasunak baliabide guztiak hartzen dituen bitartean landu beharreko esparrua delako. Dena den, aurretik prestakuntzarik ez egiteak edo norbaitek atea noiz joko zain iraun nahi izateak ere ez dirudi ibilbide luzeegia duen estrategia denik. Zoritxarrez, berrikuntza-funtzioa oraindik ere ahaztuta dago, edo ez dago halakorik erakunde gehienetan.

Enpresa-kudeaketaren diziplina

Baina zertarako da baliagarria berrikuntza? Funtsean, lau arlotan garatzen dira berrikuntzaren funtzioak. Lehenengo, produktu, zerbitzu eta negozio berriak garatzea. Bigarrenik, sistemak, prozesuak eta lan egiteko moduak egokitzea. Hirugarrenik, garapen eta berrikuntzako proiektuak eta taldeak diseinatzea eta kudeatzea. Azkenik, erakunde baten epe ertain edo luzeko garapenarekin lotutako sareak, aliantzak edo erosketak kudeatzea.

Abiapuntua da berrikuntza, enpresa­kudeaketaren beste diziplina batzuk bezala, hala nola kalitatea, esparru ekonomiko-finantzarioa, marketina edo teknologia. Berrikuntza kudeatzea eta lantzea komeni den diziplina bat da, zenbait baliabide eta berariazko lan-sistematika emanez.

Egilea Admin