Laboral Kutxaren arabera, aurten % 2 haziko da Hego Euskal Herriko BPGa. Muga-zergen mehatxuak sortutako ziurgabetasunak inbertsioak motelduko dituela ohartarazi du Joseba Madariagak
Gertu dago AEBk eta Europak muga-zergen gainean negoziatzeko epea amaitzea, astebete eskas falta baita. Trumpek uztailaren 9rako ezarri zuen epemuga, eta oraingoz ez dute akordiorik lortu. Laboral Kutxaren arabera, Trumpen gobernuak Europako produktuei ezarriko dizkien muga-zergak Euskal Autonomia Erkidegoko BPGan % 0,13 eta % 0,89 bitarteko murrizketa eragin dezakete.
Finantza-erakundearen ikerketa sailak merkataritza gerrak gure ekonomiari eragin diezaiokeen inpaktua aztertu du. Hiru hipotesi aurkeztu ditu: AEBk % 10eko muga zergak ezartzea —agertoki baikorrena—, % 20koak ezartzea, eta muturreko kasu bat, % 50eko muga-zergak. Horrez gain, pass through aldagaia ere kontuan hartu du, hau da, erosleak (AEBetako enpresak) muga-zerga osoaren zenbatekoa barne hartzen (xurgatzen) duen proportzioa. Izan ere, Joseba Madariaga ikerketa sailaren arduradunaren hitzetan, euskal enpresek muga-zergen aurrean euren eskaria ez murrizteko, prezioak jais ditzakete marjinak murriztuz, eta horrela, muga-zergen eragina leundu.
Bada, AEBetako enpresa batek muga-zerga osoa xurgatzen badu, eta Trump-ek % 50eko muga zergak ezarriko balitu (hipotesi ezkorrena), EAEko ekonomiaren gainean 870 milioi euroko inpaktu negatiboa izango luke, eta BPGa 0,89 puntu murriztuko litzateke. Kasu positiboenean, AEBetako enpresak muga-zerga osoaren ordez % 70 xurgatzen duela (gainerako % 30 euskal enpresek prezioa murriztuta orekatuko luketelako) eta muga-zerga % 10ekoa izanda, inpaktua 122 milioi eurokoa izango litzateke, eta BPGa 0,13 puntu txikitu.
Joseba Madariaga (Laboral Kutxa): “Garrantzitsua da muga-zergen euskal ekonomiaren gainean izango duten eragina aztertzea, baina baita inguruko merkatuetan izango duten inpaktua ere kontuan hartu behar dugu. Horren arabera, gure ekonomia egoera hobeto ulertuko dugu.”
Madariagaren hitzetan, baina, muga-zergen BPGan sor ditzaketen eraginak baino kezkagarriagoa da oraingoan sortzen ari den ziurgabetasuna; izan ere, enpresen inbertsioak “moteltzen” ari direla nabarmendu du. Gainera, ikerketa arduradunak gogorarazi du euskal ekonomiaren inpaktua aztertzeaz gain, “bizilagunei” ere arreta jarri behar zaiela. “Euskal ekonomian izango duten eragina aztertzea oso garrantzitsua da, baina baita inguruko merkatuetan izango duten inpaktua ere kontuan hartu behar dugu. Horren arabera, gure ekonomia egoera hobeto ulertuko dugu.”
Erosketak, muga-zergak iritsi aurretik
Madariagarekin batera, Ibon Urgoiti, finantza erakundeko negozio garapeneko arduradunak, 2024ko datu ekonomikoen laburpena eta etorkizunari begirako aurreikuspenak aurkeztu zituen atzo Bilbon. Nabarmendu zuen, besteak beste, Hego Euskal Herrian urteko lehen hiruhilekoan esportazioek izan duten gorakada. Horren isla da EAEko PBGaren % 0,6ko hazkundea epe berean. “Muga-zergak ezarri aurretik, enpresek erosketa handiagoak egin dituzte, eta horrek lagundu du esportazioen gorakadan. Stock-a handitu egingo zaie”, azaldu du Madariagak.
Lehen hiruhilekoko gorakadaren ondoren, Laboral Kutxako adituek uste dute hurrengo hilabeteetan beherakada izango dela. Madariagaren arabera, “susto” bat egon daiteke, baina ez da “larria” izango.
2024ko Ekonomia Egoera
2024ko ekonomia nagusien portaeran egon den desoreka azpimarratu zuen Urgoitik. AEBetako ekonomia % 2,8ko hazkunde sendoarekin handitu zen iaz, eta lan merkatu “indartsu” mantentzen da. Eurogunean, aldiz, hazkundea nabarmen txikiagoa izan da, % 0,8koa.
EAEn Barne Produktu Gordina % 2,2 igo da, Nafarroan berriz, % 2,7. Enpleguari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 0,8 jaitsi da, Nafarroan, ordea, % 4,6 handitu da. Langabezia tasa EAEn % 8,1ekoa izan da eta Nafarroan % 7,6koa. Azkenik, prezioen urte arteko batez besteko hazkundea, inflazioa, EAEn % 3,6koa izan zen eta Nafarroan % 2,7koa.
Hego Euskal Herriko ekonomia hazkundea mantenduko da
Laboral Kutxaren ikerketa sailak aurreikusten du Hego Euskal Herriko Barne Produktu Gordina % 2 inguru handitzea 2025ean; “goranzko berrikuspen arina” egin dutela azaldu du Urgoitik. 2026rako, EAEko BPGaren hazkundea % 1,7koa izango dela eta Nafarroakoa % 1,8koa espero dute.
Enpleguaren aldetik, Nafarroan % 1,4ko hazkunde aurreikusten dute bai 2025ean, baita 2026an ere. EAEn, aldiz, aurten enplegua % 1,5 haziko da eta 2026an % 1,3koa izango da. Finantza erakundeak EBZk ezarritako % 2ko inflazio helburua mantenduko dela espero du; EAEn inflazioa % 2,1ekoa izango da aurten eta % 1,9koa 2026an. Nafarroan, berriz, % 2koa aurten eta % 2,1koa 2026an.
Langabezia tasa Euskal Autonomia Erkidegoan % 7,1ekoa izango da aurten eta pixkanaka jaitsiko da 2026an, % 6,9raino. Nafarroan, berriz, % 7,3koa izango da 2025ean eta % 7,0koa 2026an.
Ibon Urgoiti (Laboral Kutxa): “Muga-zergen gainetik, Trumpen negoziazio estilo berezia ere kontuan hartu behar da, bere atzera-aurrerekin.”
Laboral Kutxak ohartarazi du etorkizuneko bilakaera ekonomikoa “AEBetako begirada protekzionistek” baldintzatuko dutela. Muga-zergen gain, Urgoitik nabarmendu du Trumpen “negoziazio estilo berezia” ere kontuan hartu behar dela, “bere atzera-aurrerekin”.
Finantza erakundearen arabera, munduko ekonomiaren egoera “ahul samarra” da, baina Hego Euskal Herria “hazkunde-posizio onean” dago, “merkatu sendo samarrarekin”. Madariagak azaldu du industria sektorea oraindik ahul dagoela, eta ekonomia hazteko zerbitzuen sektorearen indarra izan dela giltzarri.
