EAEko hoteletako sarrerak % 71,7 murriztu dira martxoan

Eustaten kalkuluen arabera, EAEko hotel-establezimenduen sarrerak % 71,7 jaitsi dira 2020ko martxoan. Martxoan 67.544 bidaiari sarrera zenbatu dituzte, iazko hilabete berean baino 171.278 gutxiago. Lurraldeka, sarrerek % 73,3 egin dute behera Araban, % 72,3 Bizkaian eta % 70,5 Gipuzkoan.

Martxoan erregistratutako ostatu-gauak 150.221 izan dira, hots, % 66 jaitsi dira iazko martxoan izandakoen aldean, 292.162 gau gutxiago, alegia. Gaualdien urte arteko bilakaera negatiboa izan da hiru lurraldeetan: Bizkaian % 66,3 gutxitu dira, Araban % 66,1, eta Gipuzkoan % 65,8. Bestalde, hotel-plazen eskaintza % 45,1 jaitsi da, batez beste, martxoan itxita egon diren ia 15 egunen ondorioz.