Likidezia areagotu eta finantzazio iturriak dibertsifikatu nahi ditu energia konpainiak. Brasilgo sare elektrikoa indartzeko 300 milioi euroko mailegua izenpetu du Europako Inbertsio Bankuarekin
Iberdrolak gaur izenpetu du 2.500 milioi euroko kreditu-lerro bat, mundu osoko 32 bankuren partaidetzarekin. Finantzaketa bost urterako izango da, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango du. Helburua enpresaren likidezia posizio sendoa indartzea da (20.900 milioi eurokoa 2025eko lehen hiruhilekoan) eta finantzazio-iturriak dibertsifikatzea.
Eragiketan Avangrid ere aritu da —Iberdrolaren AEBetako filial nagusia—, konpainiaren inbertsio nagusiak AEBetara bideratzen ari baitira. Ignacio Galán Iberdrolako presidenteak adierazi duenez, “Eragiketa honek sare elektrikoetan, energia berriztagarrietan eta biltegiratzean egiten ditugun inbertsioak areagotzeko aukera ematen digu, batez ere Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, elektrifikazioak sortutako eskariaren hazkundeari aurre egiteko. Kreditu-lerro honek, halaber, nazioarteko finantza-komunitateak gure hazkunde-estrategian duen konfiantza berresten du”.
Brasilgo sare elektrikorako 300 milioi euroko finantzaketa
Bestetik, Iberdrolak 300 milioi euroko mailegua sinatu du Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB), Brasilgo sare elektrikoaren garapena laguntzeko. Maileguaren epea hamar urtekoa izango da, eta EIBk Neoenergia Coelbarekin batera sinatu du —Iberdrolaren enpresa banatzailea Brasilen—.
Finantzaketa Global Gateway ekimenaren barruan kokatzen da, Europar Batasunak bultzatzen duen programa bat, energia, garraio eta digitalizazio sektoreetan inbertsio jasangarriak mobilizatzea helburu duena. Gainera, hau izango da EIBk Brasilgo sare elektrikoetarako ematen duen lehen mailegua.

