Eustaten datuen esanetan, EAEko barne produktu gordinak % 3,2 egin du behera 2020ko lehen hiruhilekoan, 2019ko lehen hiruhilekoaren aldean. Halaber, euskal jarduera ekonomikoa % 4,7 murriztu da, 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuta.
Urte arteko tasan, eskaintzaren atzerakada orokorra izan da sektore guztietan: industriak % 3,6ko galera izan du; eraikuntzaren sektoreak, % 2,7koa, eta zerbitzuek % 2,8koa –Merkataritza, ostalaritza eta garraioak atalak %4,2ko galera izan du; Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen adarrean, ordea, jarduera handitu egin da eta % 1,2ko hazkundea izan du–. Hala, Arabako ekonomia % 3,3 txikitu da azken urtean; % 3,2, Bizkaikoa, eta % 3,1, Gipuzkoakoa.