Elgoibarko Makina Erremintako Museoan sektorearen bilakaera da protagonista. Ibilbide hori islatzeko eginiko lana saritu berri dute

Elgoibarren kokatua, 1998tik makina-erremintaren sektoreari lotutako ondare industriala zaindu eta transmititzen aritu da. Lan horrek 2025eko SIF Fabrikazio Ingeniaritzako Saria jaso berri du, Sociedad de Ingeniería de Fabricación elkarte espainiarrak emana. Museoaren ekarpena nabarmendu dute, bereziki ondare industrialaren berreskurapenean eta kontserbazioan, eta makina-erremintaren historia bizirik mantentzeko egindako lanarengatik.

Elkartearen iritzian, museoak balio didaktiko handia du, garapen teknologikoaren bilakaera erakusteko tresna baliagarria izateaz gain, dokumentazio-zerbitzu garrantzitsu bat garatu duelako sektorearen iragana jasotzeko eta etorkizuneko berrikuntzak ulertzeko oinarriak ezartzeko.

Rafael Zulaika eta Iker Garcia, museoaren zuzendari eta zuzendariordeak, pozik eta zirraraz jaso dute aitortza: “Ez da edozein sari. Espainiako elkarte batek, Euskal Herriko eta Elgoibarko errealitatea sakon ezagutzen ez duena, gure lana aitortu izana poza eta harrotasuna ematen digu. Txikiak gara, baina oso esanguratsuak”.

Eskualde txiki baten aitortza handia

1998ko abenduan ireki zituen ateak museoak, makina-erremintak tradizio handia zuen herri batean. Zulaikaren hitzetan, hasieratik argi zuten ez zutela museo isil eta estatiko hutsa sortu nahi: “Gure makinak ez daude geldirik erakusketan; funtzionamenduan daude, entzun eta usaindu ditzakegu. Horrek ematen dio museoari bizitza. Makina historikoak dira, ez zaharrak, eta bakoitzak zer kontatu nahi du”.

Bilduma aberatsa da, Euskal Herrian egindako makina-erremintaz betea —Eibar, Elgoibar, Mendaro, Bergara, Soraluze eta bestelako herrietako piezak—, baita Espainiako eta nazioarteko piezak ere. Makinak ohola eta polea bidezko transmisio sistema baten bitartez martxan jar daitezke, eta horrek bisitariari XIX. eta XX. mendeko tailerren giroa hurbiltzen dio. Erakusketa hiru espazioetan banatuta dago: errementeria (burdinaren historiari lotua), mekanizazio tailer nagusia eta SIGMA josteko-makinen bilduma biltzen duen balio anitzeko aretoa. Horiekin batera, 8.000 eta 10.000 erreferentzia artean dituen dokumentazio-funtsa dute.

Hezkuntza, transmisioa eta etorkizuneko erronkak

Museoak egunerokoan ikasle, familia eta turistei ateak irekitzen dizkie. Lehen Hezkuntzako ikasleekin makina sinpleak lantzen dituzte, STEAM hezkuntzaren printzipioetan oinarrituta. Era berean, industria sektorearen balioak belaunaldi berriei transmititzeko ahalegin berezia egiten dute: “Museoak ez dira aspergarriak; ikuspegi zabala eskaintzen duten espazioak dira, eta gizartearen zati garrantzitsua osatzen dute”.

Saria jaso ondoren, proiektu berriak martxan jarri nahi dituzte. Batetik, SIF elkartearekin bilduko dira bilduma digital bat garatzeko. Bestetik, SIFeko unibertsitateekin elkarlanean ari dira, hala nola Malagakoarekin, non 1980ko hamarkadako Soraluzeko zulagailu baten bertsio birtuala sortzen ari diren.

Iker Garciak azaldu duenez: “Gure helburua ez da munduko museorik handiena izatea, baizik eta onenen artean egotea, tamainaren ordez eskaintzen dugun bizitasunagatik eta helburu didaktiko eta sozialengatik”.

Museoak, gainera, bertan dauden irudi estatiko batzuk interaktibo bihurtu nahi ditu, bisitariei informazioa modu erakargarriagoan helarazteko.

Ikuspegi garaikideak

Museoak azken urteotan genero ikuspegia txertatzeko ahalegina egin du, eta industrian emakumeek egindako lanaren garrantzia azaleratzen saiatu da. “Aspalditik baztertua izan den errealitate bat da hori”, azaldu dute Zulaikak eta Garciak. “Museoan dauden argazki handi askoren bitartez erakusten dugu emakumeak ez zirela soilik administrazio-lanetan aritzen; adibidez, SIGMAn josteko makinak fabrikatzen, 300 emakume inguruk jardun zuten lanean”.

Etorkizuna, belaunaldi berrien esku

Amaitzeko, museoko arduradunek mezu garbi eta zuzen bat helarazi nahi diete gazteei: “Askotan, museoak aspergarriak direla uste dugu; baina guk eta beste zenbait museok esperientzia oso bestelakoa eskaintzen dugu. Makina Erremintaren Museoa esperientzia bizia, dibertigarria eta interesgarria da, non ezagutza, historia eta teknologia batzen diren. Museoak gure historiaren atal bat ezagutzeko aukera ematen du; Euskal Herriak historia anitz eta zabala du, eta hori ere ikusgai jarri behar da”.