BeTEK proiektu pilotuak digitalizazioa bultzatzen du ETEen artean, BRTA, Innobasque, Tknika, AFM Klusterra, Basque Food Cluster eta Foru Aldundiaren babespean

Industria eta merkatuaren lehiakortasuna gero eta gehiago baldintzatzen dute globalizazioak, aldaketa sozioekonomikoek eta aurrerapen teknologikoek. Testuinguru horretan, enpresa txiki eta ertainek (ETEak) digitalizazioan aurrera egitea ezinbesteko bihurtu da. Hala ere, askotan zailtasunak izaten dituzte bide horretan, gaitasun eta baliabide mugatuengatik. Erronka horri erantzuteko sortu da BeTEK proiektua, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin abiarazitakoa.

“Gaur egungo egoeran, ETEak lehiakorrak izatea funtsezkoa da. Horrek ez die soilik merkatuko presentzia mantentzeko aukera ematen, baizik eta bereizteko, lan hobeak egiteko eta merkatu berrietara zabaltzeko ere bai,” adierazi du Begoña Beobidek, Iraurgi Berritzeneko zuzendariak.

Trantsizio soziala, ekologikoa eta digital-teknologikoa ardatz dituen testuinguruan kokatzen da BeTEK. Proiektu pilotu honen bidez, ETEei lagundu nahi zaie ibilbide-orri teknologiko bat diseinatzen eta praktikara eramaten, urratsez urrats eta neurrira egindako laguntzarekin.

Orain arteko emaitzen artean, hainbat enpresarekin lankidetzan arituta, metodologia praktiko bat garatu eta aplikatu da. Metodologia horrek enpresei erronkak eta lehentasunak identifikatzen laguntzen die, eta horiek faseka garatzeko baliabide teknologikoak eta aholkularitza espezializatua eskaintzen dizkie.

“Ibilbide-orri horrek aukera eman die enpresei lehentasunak identifikatzeko, eragile teknologiko eta laguntzaileen babesa jasotzeko eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez, dirulaguntzak eskuratzeko,” azaldu du Beobidek. Etorkizunera begira, helburua argia da: enpresak paperezko planifikaziotik ekintzara eramatea, eta horrela, digitalizazioaren bidez lehiakortasun handiagoa lortzea.

Lankidetza proiektuaren indarra

Iraungi Berritzen, BRTAk, Innobasquek, Tknikak, AFM Klusterrak, Basque Food Kluster eta Aldundiak osatutako sareak aukera eman die ETEei “familiako medikuaren antzera” proiektuak hasteko laguntza izateko, eta ondoren behar konkretuetarako espezializatutako eragileak aktibatzeko. “Proba pilotuak funtzionatu du, eta orain hurrengo erronka da Gipuzkoa osora zabaltzea,” azaldu dute Unai eta Garbiñek.

BeTEKek arrakasta izan du ekosistema teknologiko eta instituzional sendoa eraikitzean, hainbat eragileren arteko elkarlana erdigunean jarrita. BRTAko Transferentzia Teknologikoko arduradun Garbiñe Manterolak azpimarratu du proiektuaren balioa eragileak koordinatzeko eta enpresen beharrei erantzuteko gaitasuna izatean datzala. “Guretzat oso garrantzitsua da enpresa bera erdigunean jartzea, eta bere beharretatik abiatuta neurrira egindako erantzunak ematea,” adierazi dute.

Proiektu pilotuan parte hartu duten ETEen esperientziak dira BeTEKen balioa neurtzeko neurgailu onena. Unai Zubeldia (ERLO GROUP) eta Ane Iriondo (CPK) pozik agertu dira proiektuak emandako aukerekin, eta adierazi dute aukera izan dutela gelditzeko, beren behar teknologikoak eta hazi nahi duten norabidea hausnartzeko. “Guk bezalako enpresa txikiek ez daukagu normalean gaitasunik zentro teknologikoekin harremanetan jartzeko, eta aukera hau oso baliotsua izan da”, adierazi du Iriondok.

Proiektuaren zabaltzea

Etorkizunari begira, Iraungi Berritzetik argi dute BeTEKek jarraipena izan behar duela, eta horretarako hainbat urrats bideratzen ari dira dagoeneko. “Helburu nagusia da gure eskualdeko enpresak lehiakorrago bihurtzea. Horretarako ezinbestekoa da enpresak paperetik ekintzara pasatzea. Ibilbide orria paperean idatzita dago, baina orain enpresek benetan urratsak egin behar dituzte, eta horretan ari gara laguntzen”, azaldu du Beobidek.

Orain arteko proiektua Urola Erdian garatutako proba pilotua izan bada ere, metodologia findu ondoren eskualde gehiagotan zabaltzeko prest daude. “Dagoeneko lau eskualdetara heltzeko lehen urratsak egin ditugu, eta 2025ean zabaltze fasean murgilduta egongo gara. Proiektu hau eskualdeetara zabaltzearekin batera, helburua Gipuzkoa osora heltzea eta enpresa txiki eta ertainek digitalizazio teknologikoaren bidez lehiakortasuna areagotzea da”, gaineratu du Beobidek.

Bestetik, eragile guztiek prestakuntza programa berri bat sortu dute eskualdeetan zabaltzeko, garapen agentzietako teknikariei eta enpresei tresna errealak emateko haien digitalizazioan aurrera egiteko. Helburua da BeTEKren metodologia eguneroko lanean aplikatzea, enpresek trantsizio ekologiko eta digitalari modu praktikoan erantzun diezaioten, Gipuzkoako eraldaketa industrial eta teknologikoan urrats sendoak emateko.