Javier Hernandez, Bankinterren Ipar Erakundeko zuzendaria eta Zenon Vazquez, Elkargiko zuzendari nagusia, hitzarmenaren sinaduran

Hitzarmen berriak finantzaketa-lerro berri bat aurreikusten du energia-eraginkortasuneko proiektuak bultzatzeko

Elkargik eta Bankinterrek lankidetza hitzarmena berritu dute autonomoen eta enpresen aldeko finantzaketa sustatzeko. Akordio berriak finantzaketa-lerro berri bat aurreikusten du energia-eraginkortasuneko proiektuak bultzatzeko. EAEko Aurrerakin Mailegua izeneko finantza-produktu berritzailea da, enpresei berehalako likidezia izateko aukera ematen diena, Energia Aurrezkiaren Ziurtagirien (EAE) balioa aurreratuz, eta Elkargik abalatutako enpresei lehentasunezko baldintzetan inbertsio jasangarrien finantzaketa erraztuz.

Horrez gain, hitzarmenak nazioarteko negozioaren finantzaketa-lerro berriak jasotzen ditu, hala nola dokumentu-kredituak, inportazio-finantzaketak eta nazioarteko abalak, oso prezio lehiakorretan ETEentzat.

Horrela, bi erakundeek lankidetza indartu dute nazioartekotzeari laguntzeko baliabideak eta ingurumenean eragin positiboa duten eta ASG printzipioekin bat datozen proiektuak bideratzeko.

Garapen eta lehiakortasunaren aldeko apustua

Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiaren hitzetan, “Elkargi bere ingurunearekin konprometitutako enpresek eta autonomoek sortutako eta partaidetutako finantza erakundea gara. Akordio horrekin, enpresei ematen diegun laguntza indartzen dugu, eskura dituzten finantza soluzioen sorta zabalduz, enpresen garapenerako eta lehiakortasunerako funtsezkoak diren bi arlotan; bai nazioartekotzean, bai jasangarritasunean”.

Bestalde, Bankinterren Ipar Erakundeko zuzendari Javier Hernandezentzat, bankuak enpresen negozioan egiten duen proposamena askotarikoa da, batez ere nazioarteko jardueran, atzerriko merkatuetan lehorreratuz edo indartuz, beren jarduera dibertsifikatu nahi duten enpresentzako irtenbide espezifikoak bultzatuz. Eta gaineratu du: “Finantzaketa jasangarrian, gure EAEko Aurrerakin Maileguaren berritasuna adierazi nahi dut, enpresei aukera ematen baitie Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriaren monetizazioa aurreratzeko. Hau da, EAEk sortuko duen azken energia-kontsumoaren aurrezpenaren balioa aurreratzen diogu enpresari”.

Ekimen horren bidez, Bankinterrek eta Elkargik krediturako sarbidea erraztu nahi dute, enpresen nazioartekotzea eta energia eraginkortasuneko, mugikortasun iraunkorreko, ekonomia zirkularreko eta deskarbonizazioko proiektuak bultzatzeko, besteak beste. Helburua enpresa eredu jasangarriago eta lehiakorragoetarako trantsizioa bizkortzea da.