Eustaten datuen arabera, EAEko ondasunen esportazioek % 36ko beherakada izan dute maiatzean, urte arteko tasa nominalean. Esportazioen balioa 1.560,3 milioi eurokoa izan da maiatzean, eta iazko hil berean 2.439,7 milioikoa. Ondasun energetikoen esportazioek % 45,5eko jaitsiera izan dute, eta ez-energetikoenek, % 35,3koa.

Lurraldeek beheranzko joerari eutsi diote: Bizkaian, % 37,7ko atzerapena izan dute esportazioek; Gipuzkoan, % 35,5ekoa, eta Araban, % 34,5ekoa. Ondasunen inportazioak 1.069,3 milioi eurokoak izan dira maiatzean, 2019an baino % 43,8 gutxiago. Inportazio energetikoak % 77,1 murriztu dira, eta ez-energetikoak, % 31,2. Beherakada handiena Bizkaian erregistratu da (% 49,9), eta, ondoren, Araban (-% 36,4) eta Gipuzkoan (-% 34,1).