Hasierako faseetan eta hazkunde gaitasun handia duten kuantikako start-upak laguntzea da programa honen helburua
Euskal Herriak beste urrats esanguratsu bat egingo du udaostean kuantika arloko apustuan. Creative Destruction Lab (CDL) erakundeak bere quantum-programa Donostian ezarri nahi du, Europako nodo berri bat irekiz. CDL-Donostia izeneko zentro berria Tandem eraikinean kokatuko da, BIC Gipuzkoak Miramongo parke teknologikoan duen egoitzan. Ekimen hau hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker gauzatu da, tartean Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia (BIC Gipuzkoaren bitartez) eta IESE Business School.
CDL-Quantum programaren xedea hasierako fasean dauden eta eskalagarritasun handia duten kuantika esparruko enpresa zientifiko-teknologikoei aholkularitza eta laguntza eskaintzea da. Ikerketa zientifikoa eta ekintzailetza uztartzen dituen ikuspegi integral baten bidez, ekintzaile esperientziadunen eta nazioarteko zientzialari, ingeniari eta ekonomialari gailenen babesa jasotzen dute parte hartzaileek. IESEko MBA ikasleek ere parte hartzen dute prozesuan, enpresa garapenean lagunduz.
Nazioarteko esangura
Programak nazioarteko finantzaketa-sarera sarbidea eskaintzen du, eta Donostian AA kuantikoaren eta hizkuntza naturalaren prozesamenduaren inguruko korronte berritzaile bat ere jarriko du abian. CDLren kuantika-programa arrakastaz ezarri da dagoeneko Toronton eta Montrealen, besteak beste, eta 2017tik 170 enpresa baino gehiago babestu ditu. Mundu mailako bost start-up kuantikoetatik bat programatik igaro da, tartean Donostian sortutako Multiverse Computing konpainia.
