La Herrera eraikina, Pasaian

Pasaiako portuak helburu du suteen aurkako babes-sarea modernizatzea. Espazio horretan, Adinberriren azken proiektua eraikitzen ari dira

Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) 1.978.000 euroko inbertsioa gauzatuko du La Herrera eraikinean, suteen aurkako babes-sarea modernizatu eta berritzeko asmoz. Espazio horretan dauden egungo biltegi eta eraikinen zerbitzua hobetzea da helburua, bertan, Sprilur edota Adinberriren proiektu berriak eraikitzen ari baitira, besteak beste.

Obren lizitazioa dagoeneko martxan da, eta Herrerako eremu osoa artatzeko edukiera nahikoa duten biltegiak eraikiko dira, hornidura-hodietatik bereizitako hodi-linea berriak gehituta. Era berean, parametro hidraulikoen kontrol-ekipoak kokatzeko kamera bat jarriko da.

Gipuzkoako azpiegituraren instalazioak modernizatzeko plangintzaren barruan kokatzen da PPAren proiektu hau, eta, suteen aurka babesteko instalazioen kasuan, pixkanaka modernizatzen jarraituko du portuaren azalera osatzen duten gainerako sektoreak: Herrera, Buenavista, Molinao/Capuchinos eta Lezoko sektoreak, hain zuzen.

La Herrera eraikina

Oarsoaldeko Eskualdeko Plan Estrategikoan integratutako proiektua da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualdeko udalek onartua, Pasaiako Portu Agintaritzarekin lankidetzan, Herreran eraikin berri bat eraikitzeko, eskualdean ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta gizartea garatzeko ekimenak eta proiektuak hartuko dituena.

La Herrera eraikin berria, Pasaiako portutik gertu, Adinberri proiektu estrategikotik sortutako ekimenak eta zerbitzu-enpresak, Ekonomia Urdineko Enpresen Poloari lotutako proiektuak eta Pasaialdean jarduera ekonomikoa berreskuratzeko interesgarriak diren beste batzuk erakartzeko gune gisa egituratzen da.