Bestelako merkatuetan zer dagoen ezagutzeko, euren antzeko beharrak dituzten proiektuak ikusteko edota proiektuak testatzeko bideak eskaini ditzakete
Edozein ekintzailetza-prozesu martxan jartzerakoan, konexioek rol garrantzitsua izaten dute, bai tokian tokiko eragileekin, bai nazioartekoekin ere.
«Gure helburua da hemen sortzen diren proiektuak nazioartean ezagutarazteko bidean laguntzea», azaldu du Ainhoa Aldasoro, Donostia Sustapeneko Berrikuntza eta Lehiakortasuneko arduradunak. Horretarako, nazioarteko misioak bide egokia izaten dira: beste ekosistema batzuk ezagutzeko aukera ematen dute, antzeko enpresekin harremanak sortzeko, eta baita inbertsiogile potentzialekin biltzeko ere.
Azken hilabeteetan, Donostia Sustapenak halako bi misio antolatu ditu Ekinn+ programaren parte diren enpresekin. Lehenengoa Riga-ra (Letonia), start-upen azokara; «Rigakoa nazioarteko proiektu batean parte hartzen ari garelako izan da, Skale2CT izenekoa, eta start-upen inguruko lanetan gabiltzalako», adierazi du Aldasorok. Bigarrena, berriz, Turinera (Italia). «Turinekoa espresuki antolatu dugu, oso harreman ona dugulako han. Eurocities sareko kide dira, eta aurten berrikuntza-hiriburu izendatu dituzte. Iruditzen zitzaigun gure antzeko hiri bat izanik, interesgarria zela bertara joatea, eta hango aukerak gure enpresei gerturatzea».
Rigara produktua alderatzera
Rigako misioan parte hartu zuen start-upetako bat Zeru Drones izan zen. Urtebete inguruko ibilbidea duen enpresa honek dronen bidez azpiegituren inspekzioa eta monitorizazioa automatizatzen ditu. Ander Maiztegi zuzendari nagusiaren arabera, bi soluzio garatu dituzte: inspekzioaren plangintza automatizatzeko software sinple bat, mapa baten bidez funtzionatzen duena; eta datuen posprozesamendurako sistema bat, bezeroen KPIetan oinarrituta machine learning bidezko ereduak entrenatzen dituena.
Une honetan proba pilotuak egiten ari dira eta lehen produktu ordainduak ixteko bidean daude. Horregatik joan ziren Rigara: Europako lehiaren inguruko ikuspegi berri bat lortzeko, ekosistema ezagutzeko eta kontaktuak egiteko. Aurretik bilerak itxi zituzten, eta horiek izan ziren probetxugarrienak: Sadales tīkls konpainia elektrikoarekin demostrazio bat egin zuten, eta inbertsiogile batekin eta bezero potentzial batekin ere hitz egin zuten. Azken kasu horretan salmentarik ez zen itxi, baina baieztatu zuten Europan ez dagoela halako soluzio automatizaturik, AEBetan bai. Beste harreman batzuk ere sortu zituzten, produktua merkaturatzean erakutsi ahal izateko.
Bezero potentzial berrien esplorazioa
Helburu apur bat desberdinarekin eta enpresaren garapenaren beste une batean egin zuen Linqek bidaia Turinera. Zazpi urteko ibilbidea du dagoeneko, eta “kolore guztietakoak igaro ondoren”, momentu “nahiko goxoa” bizi du enpresak Ibon Iribarren zuzendari nagusiaren hitzetan. 15 laguneko lantaldea izatetik 25 izatera igarotzea aurreikusten dute datorren urterako eta start-up izaera atzera utzita scale-up bilakatzea.
Industriei metalezko piezak ekoizten laguntzen diete. “Altzairuzko piezak egiten direnean, prozesu maila batzuetan kalitatearen kontrola egitea nahiko zaila da. Hozte prozesua egiterakoan, ez dira begibistan ikusten kalitate parametroak, eta behin hoztuta erabaki daitekeela pieza hori egokia den edo ez. Gure sistemak ahalbidetzen du piezak emititzen dituen seinale batzuk prozesatzea eta estimatzea pieza ona den ala ez”, azaldu du Iribarrenek.
Automobilgintza da eurentzat sektore nagusia, eta oso polo garrantzitsua da Turin Europa mailan. “Planta dezente daude bertan, eta horren inguruan gure bezero izan zitezkeen hornitzaile dezente. Alde horretatik jada guretzat interegarria zen”, adierazi du Linqekoak. Baina bazen beste elementu bat: ekintzailetza teknologikoak hirian duen garrantzia.
Nazioartekotzea, negozio garapenerako
Zeru Dronesek, momentuz, Euskal Herriko eta inguruko merkatuetan jarriko du arreta, nahiz eta etorkizunean beste merkatu batzuetara zabaltzea baztertu ez. Maiztegiren esanetan, interesgarria izan zen lurralde txiki baten kasua ezagutzea, arazoak antzekoak direlako eta lehiakide gutxiago dagoelako. Europako egoerak eta berrarmatzearen aldeko apustuak lehiakide asko defentsara eraman ditu, eta horrek aukera berriak sortzen ditu beste sektoreetan, bereziki merkatu txikietan, non konexioak egitea errazagoa den.
Linqek, berriz, 2025ean fakturazioaren % 50 AEBetatik etorriko dela aurreikusten du, % 20–25 Europatik eta gainerakoa Espainiako merkatutik. Iribarrenek nabarmendu du hasieratik nazioarteko merkatuan pentsatu zutela, lau merkatu nagusirekin: AEB, Mexiko, Txina eta Alemania. Europako automobilgintzaren egoera kaskarrak —azken hamar urteetan luzatu dena— nazioartekotzea funtsezkoa bihurtu du enpresarentzat.
