“Evoluciona” deialdiak bi urteko iraupena du, eta aurreko bi laguntza lerro uztartzen ditu
Nafarroako I+G+b Sistemaren (SINAI) parte diren Foru Komunitateko bederatzi teknologia eta ikerketa zentrok 8 milioi euro jasoko dituzte beren gaikuntza hobetzeko, “Evoluciona” deialdiaren bidez. Deialdi horren helburua da erakunde horien bikaintasuna bultzatzea.
Ebazpena eman ondoren, honako hauek izan dira laguntza-lerro horren onuradunak:
- Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioa, Cima Universidad de Navarra erakundearen titularra, 2,85 milioi eurorekin
- Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), 1,64 milioirekin
- Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa, 835.000 eurorekin
- Elikagaien Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala (CNTA), 663.000 eurorekin
- I+G Automobilgintza eta Mekatronika Fundazioa (NAITEC), 611.000 eurorekin
- Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), 606.000 eurorekin
- Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren Agrobioteknologia Institutua (CSIC), 341.000 eurorekin
- Lurederra, Garapen Teknologiko eta Sozialerako Fundazioa, 332.000 eurorekin
- Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Institutua (Intia), 176.000 eurorekin
Laguntza horiek bikaintasunaren, transferentziaren eta talentuaren arloetako adierazleak hobetzera bideratuta daude, hainbat jardueraren bidez, hala nola funtsezko teknologien gaikuntza hobetzea; aurrerapen zientifiko berriak edo jakintza-arloetako joerak detektatzea; Espainiako eta Europako I+G proiektuetan parte hartzea; foro, plataforma teknologiko eta elkarteetan parte hartzea edo ikertzaile berriak kontratatzea, eta egungo taldearen prestakuntza hobetzea, besteak beste.
Era berean, diruz lagun daitezkeen gastuen artean, beste gastu finko batzuk daude, hala nola ikertzaileen, teknikarien eta laguntzaileen gastuak; ekipoen, patenteen eta erabilgarritasun-ereduen amortizazioa; ikerketarako ekipamendua erostea edo software-lizentziak harpidetzea eta berritzea, besteak beste; betiere, alderdi horiek guztiak zuzenean lotuta badaude jarduketa-planean jasotako jarduerekin.
Bi urteko exekuzio aldiarekin (2025-2026), teknologia eta ikerketa zentroek denbora esparru nahikoa dute Nafarroako berrikuntza ekosistemaren barruan duten posizioa indartzeko eta ikerketa gaitasuna hobetzeko behar diren neurriak ezartzeko.
Aurreko bi deialdien bat-egitea
“Evoluciona” deialdia aurreko bi laguntzek bat egin ondoren sortu da: EvolTECH, 2021ean sortua, eta EVOLTIN, 2024koa; integrazio horrekin, Nafarroako Gobernuak zentro horiei ematen dien laguntzari eusten zaio, haien gaitasunak sendotzeko eta bikaintasun adierazleak hobetzeko, bai eta talentua erakartzeko eta garatzeko eta ezagutza prestakuntza zentroetatik enpresa sarera transferitzeko ere.
Deialdi berri hau, gainera, 2021-2025 aldirako Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren lehentasunetako bat da, eta emaitzetara bideratutako finantzaketa finko-aldakorreko eskema bat du. Eredu hori Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileekiko adostasunean oinarritzen da, eta erakunde onuradun bakoitzaren abiapuntuko egoerara egokitutako adierazleak betetzeari lotuta dago.
