Udaberriko euri jasek kaltetutakoentzako konpentsazioak onartu ditu NafarroakHauek dira udalerriak: Aguilar de Codés, Aras, Cabredo, Eslava, Genevilla, Iturmendi, Lapoblación-Meano, Pueyo, Tafalla eta Torralba del Río.

Martxoaren 8ko eta maiatzaren 4ko eta 14ko euri-jasek eragindako pertsona eta entitateek konpentsazioak eta zerga-salbuespenak jaso ahal izango dituzte, Nafarroako Gobernuak, asteazken honetako bilkuran, neurri horiek eta horiei hel diezaieketen udalerrien zerrenda onartu ondoren.

Jarduketak Lurralde Kohesiorako kontseilariak abuztuaren 18an emandako foru agindu batean zehazten dira, eta Foru Gobernuak asteazken honetan berretsi ditu.

Hauek dira udalerriak: Aguilar de Codés, Aras, Cabredo, Genevilla, Iturmendi, Lapoblación-Meano, Pueyo, Tafalla eta Torralba del Río.

Bere garaian egindako txosten teknikoen arabera, joan den martxoaren 8an aparteko prezipitazioak izan ziren (17,5 mm ordubetean) Aguilar de Codés, Aras, Cabredo, Genevilla, Lapoblación-Meano eta Torralba del Rion.

Maiatzaren 4an, berriz, euriteek eragin berezia izan zuten Sakanan eta, zehazki, Iturmendin, ordubetean 40 mm izan baitziren. Horien ondorioz, herria zeharkatzen duten bi errekek -Atxumendi eta Sarate- gainezka egin zuten, hiriguneko zenbait kale eta hogei bat etxebizitza urpean utziz.

Azkenik, maiatzaren 14an, ekaitzak eta txingorra izan ziren Nafarroako hainbat tokitan, eta, oraingoan, Pueyo eta Tafalla arteko gune bat izan zen kaltetuena. Ordubetean 50 mm ur eta txingor erregistratu ziren, eta, ondorioz, mendi-hegaletan luiziak, bideetan zuloak, uztetan kalteak eta komunikazio-bideen mozketa izan ziren.

Aipatutako kasu horietan guztietan, kalteak izan ziren, bai tokiko azpiegituretan, bai nekazaritza-azpiegituretan. Horregatik, lehenbailehen konpondu behar dira kalteak; besteak beste, higiezinetan, zoladuretan, bideetan, ureztatze-sistemetan, harri-lubetetan, zimenduetan, ubideetan eta areketan izandako kalteak.

Eragindako pertsona fisiko edo juridikoentzat aurreikusitako laguntza-neurrien artean, lurralde-kontribuzioaren, jarduera ekonomikoen eta eraikuntza, instalazio eta obren zergak salbuestea dago.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak toki entitateak konpentsatuko ditu jasotzen ez dituzten tributuen zenbatekoetan. Laguntzak, ordena honetan, sinatutako aseguru-polizen konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, bai eta estatuan edo Europar Batasunean egon daitezkeen laguntzen osagarriak ere.