Berrikuntzak bultzatutako ‘deeptech ‘enpresa honek aurrerapen teknologiko eta ekologikoaren abangoardian kokatzen da
Grunuss 2024an sortu zen, zientzialari, ingeniari eta ekintzaile talde baten ekimenez. Enpresa berritzaile hau aurrerapen teknologiko eta ekologikoen abangoardian dago. Egoitza nagusia Bilbon du, eta bere xede nagusia da energia sortzeko, transmititzeko eta biltegiratzeko modua errotik berritzea. “Material kuantikoak, adimen artifiziala eta fabrikazio nanoaditiboa uztartzen ditugu munduari energia-irtenbide jasangarriak eskaintzeko”, azaldu dute konpainiako ordezkariek.
Grunussek garatutako berrikuntzen artean daude iman kuantikoentzako sorgailu supereroaleak, kable supereroaleak eta superhidruro metaliko kuantikotan oinarritutako bateriak. Sorgailu supereroaleek erresistentzia handiagoa eta energia-galera txikiagoa eskaintzen dute ohiko sistemen aldean. Kable supereroaleek, berriz, beren erresistentziak eragindako energia-galerak ezabatzen dituzte, eta horrek eraginkortasun handiagoa bermatzen du.
Hobekuntza azpimarragarria
Konpainiak garatzen dituen bateriek ohikoen aldean iraupen luzeagoa dute, eta ehunka edo milaka aldiz kargatu daitezke. Horrek aukera ematen du “epe luzeko kostuak eta hondakinak nabarmen gutxitzeko”, adierazi dute. Gainera, bateria hauek eraginkorragoak dira tradizionalekin alderatuta, energiaren eta pisuaren arteko erlazio hobea eta denboran zehar errendimendu iraunkorragoa eskainiz.
Erabiltzen dituzten teknologiei dagokienez, enpresak material kuantikoetan jarri du arreta, “erresistentzia elektrikorik gabekoak eta sare elektrikoetan galerak murriztea ahalbidetzen dutenak”, azaldu dute Grunussetik. Beste ikerketa-ildo garrantzitsu bat isolatzaile topologikoena da; material horiek gainazal eroale bikainak dira bai espintronikarako bai konputazio kuantiko aurreraturako.
Horrez gain, konpainiak 2D materialak erabiltzen ditu, grafenoa kasu, zeinak propietate elektriko, mekaniko eta termiko bereziak eskaintzen dituen. “Material ultrafin hauek berrikuntza bultzatzen ari dira energia-biltegiratzean, elektronika ultraazkarrean eta sentsore sofistikatuetan”, azpimarratu dute Grunussetik.
