Euskal konpainiak softwarea, IoT eta zibersegurtasuna industria, turismoa edo Administrazio publikoa bezalako sektoreei zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzeko uztartzen ditu
2017an sortu zenetik, Purple Blob-ek hazkunde handia izan du eta gaur egun eraldaketa digitaleko aholkularitza-enpresa integral bihurtu da. Hamar profesionaleko talde espezializatu batek full stack garapena, Gauzen Interneta (IoT), zibersegurtasuna, azpiegitura eta aholkularitza teknologikoa uztartzen dituzten soluzioak eskaintzen ditu.
Urte hauetan zehar, konpainiak industria, turismoa eta erakunde publikoak (udalak eta foru-aldundiak) bezalako sektoreetan jardun du. Garateren esanetan, “gakoa berrikuntza, segurtasuna eta eraginkortasuna uztartzea da”, betiere helburu argiekin: negozioak haztea, efizientzia handitzea eta bizi-kalitatea hobetzea.
Purple Blob-en zerbitzuak
Zerbitzuen artean, IoT soluzioak dira nabarmentzekoak, aktiboak, prozesuak eta inguruneak denbora errealean monitorizatzea ahalbidetzen baitute. Horrek datuetan oinarritutako erabakiak hartzea, baliabideak optimizatzea, prozesuak automatizatzea eta kostuak murriztea errazten du. “Arazoei aurrea hartzeak eta alferrik galtzea saihesteak kudeaketa iraunkorragoa egiten laguntzen du”, gehitu du Garatek.
Horrez gain, aplikazio digital eskalagarriak garatzen dituzte, estrategia teknologikoan aholku ematen dute, barneko eta kanpoko azpiegiturak kudeatzen dituzte eta zibersegurtasunean laguntza eskaintzen dute.
Orainean, etorkizunari begira
Bere ibilbidean, Purple Blob-ek SPRI Taldearen programen babesa jaso du, hala nola Enpresa Zibersegurtasuna edo Industria Digitala. Horri esker, azpiegitura indartu, gaitasunak handitu eta zerbitzuak hobetu ditu. “Programa horiek aukera eman digute arlo berrietan trebatzen eta gure bezeroentzako irtenbide sendoagoak eskaintzen”, adierazi du koordinatzaileak.
Etorkizunera begira, enpresak zibersegurtasuna, monitorizazio adimenduna eta bezero-zorroaren hobekuntza metodologiko eta dokumentala lehenesten jarraituko du. Aldi berean, ‘Datu-guneen’ bidez Europan ari da nazioarteko hedapena bideratzen, eta Estatu mailan ziurtatutako hornitzaile bakanetako bat bihurtu da. “Gure irtenbideak eskalagarriak dira, eta badakigu merkatu berrietan ere zentzua dutela, bereziki IoT eta plataforma digitalen garapenarekin lotutakoetan”, azpimarratu du Gáratek.

