Basque Artificial Intelligence Centerren gidaritzapean, konputazio aurreratuko eta datuak biltegiratzeko tresnak eskuratzeko aukera emango die enpresa euskaldunei
Euskal enpresek erronka teknologiko gero eta konplexuagoak dituzte aurrean, eta horiei erantzuteko berrikuntza eta nazioarteko lehiakortasuna funtsezkoak dira. Helburu horrekin, Basque Digital Innovation Hubak (BDIH) AAko nodo berria sortu du, Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC) koordinatuta, Euskadiko IA ekosistemaren erreferente nagusiak gidatua.
Erakunde ezberdinen arteko lankidetza
Nodo hau Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bederatzi erakundek osatzen dute, tartean Euskadiko zentro teknologiko nagusiak eta unibertsitateak. Haien bidez, euskal enpresek aktibo-katalogo oso baten eskura izango dute, IAren balio-kate osoa barne hartzen duena. Horri esker, azken belaunaldiko baliabideak doan probatzeko aukera paregabea izango dute.
Nodoaren xede nagusia, datuak soluzio berritzaile eta eraginkor bihurtzen enpresei laguntzea da, lau ardatzen bidez: azpiegituraren hornidura, IA ereduen garapena, zerbitzu eta produktu berrien merkaturatzea eta datu-kudeaketa aurreratua. Horrez gain, ikuspegi horrek iraunkortasunari ere egiten dio ekarpena, ingurumen-inpaktua murrizten duten eta garapen arduratsua sustatzen duten konponbideekin.
BDIHren aktibo eta aukerak baliatu nahi dituen edozein enpresak formulario hau bete dezake, bere beharrak zehatz-mehatz identifikatzeko eta kasuari egokitutako laguntza jasotzeko.
BDIH sarea
Basque Digital Innovation Hub (BDIH) Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta SPRIk koordinatutako sare publiko-pribatua da, euskal enpresen eraldaketa digital eta jasangarria sustatzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 30 agente baino gehiagok osatzen dute, eta irabazi-asmorik gabeko zerbitzu teknologikoak eskaintzen dituzte, bereziki ETE industrialei zuzenduta.
BDIH enpresetara hurbiltzeko, “BDIH Konexio” programaren seigarren deialdia ireki da, ekintza-planak diseinatzeko edo kontzeptu-probak egiteko laguntza emanez. Azken bost urteetan, sareak 340 enpresa baino gehiagori lagundu die eta 430 berrikuntza-proiektu sustatu ditu.
