Energia eolikoa, fotovoltaikoa eta bateriekin energia biltegiratzea integratuko ditu proiektuak

Global Energy Services (GES) izeneko enpresak, Zamudion egoitza duenak, konpainiaren historiako kontraturik handiena lortu berri du Txilen. Energia berriztagarria eskala handian sortzeko parkea eraikiko du GESek, 695 MW-eko gaitasuna izango du, eta teknologia fotovoltaikoa, eolikoa eta baterietako biltegiratzea uztartuko ditu.

“Proiektua estrategikoa da GESentzat” adierazi du José Luis García Donoso zuzendari nagusiak: “hiru teknologia berriztagarriak instalazio bakarrean uztartzeak sektorearen epe laburreko etorkizuna adierazten du”. Hain zuzen ere, konpainiaren 400. proiektua da Txilekoa, “enpresaren esperientzia eta bazkide estrategiko gisa duen posizionamendua berretsita”.

Konpainiak eman dituen datuen arabera, azken sei urteetan hamar aldiz handitu da eguzki- eta haize-energiaren parte hartzea Txileko energia-matrizean, instalatutako ahalmenaren % 40 ingurura helduta. Herrialdeak helburu du 2030 urterako energia-matrizearen % 80 berriztagarrietatik eratorritakoa izatea, baita 2050. urterako karbono-neutraltasuna lortzea ere.