Brett Merritt, Echoviewko kontseilari delegatua, eta Ibone Rodríguez, Zunibaleko zuzendari nagusi eta akzioduna.

Enpresa bizkaitarrak arrantza jasangarriaren merkatuan soluzio teknologiko berriak eskuratu nahi ditu eragiketa honen bidez

Zunibal enpresa bizkaitarrak Australiako Tasmania uhartean kokatutako Echoview konpainia erosi du. Echoview datu hidroakustikoen analisi eta prozesamendurako softwarean espezializatuta dago, eta mundu mailako erreferentea da arlo horretan. Zunibalek ohar baten bidez azaldu du erosketa honek bere gaitasun teknologikoa indartuko duela, berrikuntza bultzatzeko eta eskaintzen dituen soluzioak zabaltzeko.

Zunibal arrantza jasangarrirako soluzio teknologikoetan aritzen da, eta Nazca Capital funtsaren barruan dago. Konpainiak nabarmendu duenez, Echoviewren teknologia eta bere 30 urteko esperientzia duten zientzialari eta ingeniarien taldeak aukera emango dio Zunibali “jauzi kualitatibo bat emateko” arrantza jasangarrirako tresnen garapenean. Besteak beste, espezieak bereizteko, biomasa zehazteko eta ozeanografia-ereduak datu zehatzagoekin aberasteko gaitasuna hobetzea izango da helburua.

Gidaritza bera, baina babes sendotua

Echoviewko egungo taldeak negoizioaren gidaritzan jarraituko du, baina orain Zunibalen babesa izango du nazioarteko hazkundea indartzeko. Zunibaleko zuzendari nagusi eta akziodun Ibone Rodriguezek azpimarratu du erosketa hau “funtsezko urratsa” dela enpresaren estrategia orokorrean. Bestalde, Daniel Pascual Nazca Capitaleko bazkideak adierazi du Echoviewren integrazioak Zunibalen “teknologia eta berrikuntza profila sendotzen” duela, eta aldi berean “taldearentzat estrategikoak diren arloetan aukera berriak irekitzen” dituela.