Neiker zentro teknologikoak parte hartzen du lurzoruen bilakaera aurreikusteko eta kudeaketa hobetzeko tresna digital bat garatzen duen ekimen honetan
Europako lurzoruen % 60 baino gehiagok degradazio-zantzuak ageri dituzte, eta horrek arriskuan jartzen du lurzoruen emankortasuna, biodibertsitatea eta karbonoa biltegiratzeko gaitasuna. Joera hori geldiarazteko, Neiker zentro teknologikoa AI4SoilHealth Europako proiektuan ari da lanean. Ekimen honek adimen artifiziala baliatzen du kontinente osoko lurzoruaren egoera aztertzeko eta etorkizuneko bilakaera aurreikusteko.
Proiektuaren helburua da datuetan oinarritutako erabakiak errazteko sistema bat sortzea, nekazariei, lurralde-kudeatzaileei eta erabaki politikoak hartzen dituztenei lagungarri izango zaiena. Horretarako, Soil Health Data Cube izeneko tresna digitala garatzen ari dira: lurzoruko milioika erregistro antolatzeko gai da, baita datu klimatikoak eta adierazle fisiko-kimikoak ere, hala nola pH-a edo karbono-edukia. Guztira, 14 herrialdetako 28 erakundek parte hartzen dute ekimenean; besteak beste, Danimarka, Herbehereak, Alemania, Italia, Frantzia eta Finlandiak.
Adimen artifizialeko teknika aurreratuei esker, sistemak aldagai ugari batera aztertuko ditu, patroiak antzemango ditu eta lurzoruaren bilakaera iragarri ahal izango du, 30 metroko bereizmen espazialarekin eta hiru urteko maiztasunez. “Eredu tradizionalekin alderatuta aurrerapausoa da, lurzoruaren egoerari buruzko ikuspegi dinamiko eta pertsonalizatuagoa eskaintzen duelako”, azaldu du Neikerreko ikertzaile Lur Epeldek.
Neikerren norabidea
Neikerrek, Espainiako ordezkari bakarrak, lurzoruaren funtzionamendu ekologikoa eta zerbitzu ekosistemikoak hobeto ulertzeko adierazle biologikoak txertatzen ditu. Era berean, lurzoruaren osasuna modu azkarrago eta merkeagoan neurtzea ahalbidetuko duten teknologia berrien baliozkotzean parte hartzen du, laborategiko azterketarik gabe.
Horrez gain, proiektuak aplikazio mugikor bat eta erabiltzaile-profil ezberdinetarako prestakuntza-ekintzak aurreikusten ditu. Aldi berean, euskal zentroak nekazari eta teknikarien ekarpenak jasotzen ditu, garatzen ari diren irtenbideak eremu eta baldintza desberdinetan erraz aplika daitezen bermatzeko.
