Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Hazitek programaren bidez euskal enpresei ikerketa industriala laguntzeko aurrekontua 27 milioi eurotan handitzeko, eta, horrela, aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztutakoak baino proiektu gehiago finantzatu ahal izango dira

Horrela, Eusko Jaurlaritzak Industriaren Defentsarako Mahaian hartutako konpromisoetako bat betetzen du, Imanol Pradales lehendakariak sustatua. Zehazki, hasierako 93 milioi euroetatik, programa honek 120 milioi euro izango ditu azkenean. Aipatutako 27 milioi horietatik, 11,45 milioi 2025ean zehar gauzatuko dira, eta gainerakoa hurrengo hiru urteetan; beraz, Eusko Jaurlaritzak dagokion konpromiso kreditua onartu du.

Hazitek programa industria ikerketako edo garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzeko da, bai lehiakorrak, bai estrategikoak, industria adimendunaren, energia garbien eta osasun pertsonalizatuaren arloetan. Kasu guztietan, garrantzi handiagoa ematen zaie jasangarritasunarekin lotutako alderdiei.

Euskadiko industriaren sendotzea

Programaren azken helburua, SPRI Taldeak kudeatzen dituen laguntzen bidez, euskal industria indartzea da, enpresen I+G jardueraren bidez, euskal produkzio-sarearen lehiakortasun globalari modu erabakigarrian lagunduz eta inpaktu ekonomiko esanguratsua izan dezaketen emaitzak sortuz, Euskal Autonomia Erkidegorako espezializazio-esparru estrategikoetan eta merkatutik hurbilen dauden I+G faseetan oinarritutako laguntzaren bidez.

Ohi bezala, programak bi laguntza ildo desberdin biltzen ditu: izaera lehiakorreko I+G proiektuak eta I+G plan estrategikoak. 2024ko deialdian, Hazitek programak 654 proiektu finantzatu zituen guztira, 91,2 milioi euroko dirulaguntza bateratuarekin, eta horrek 265 milioiko inbertsio pribatua mobilizatu zuen 759 enpresaren industria ikerketako eta garapen esperimentaleko jardueretan.

Emaitek eta Azpitek

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Emaitek Industria Hobea eta Azpitek programak ere onartu ditu, 70 milioi euro ingururekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) laguntzeko. Bi ekimen horiek 58,5 eta bederatzi milioi eurokoak dira, hurrenez hurren, eta foku anitzeko zentro teknologikoen emaitzak eta gaitasunak hobetzea eta merkatura bideratzea dute helburu.