Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Cidetec Fundazioak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute bateriak birziklatzetik datozen materialen karakterizazioan espezializatutako Naturklima laborategia garatzeko

Hitzarmen honek jarraipena ematen dio 2024an Naturklima Fundazioarekin hasitako lanari, eta urrats sendoa da Jasangarritasun Departamentuak ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko duen estrategian. Era berean, lurraldean errotuta dagoen industria berde eta berritzaile baterako funtsezko azpiegiturak garatzeko konpromisoaren parte da. 350.000 euroko finantzaketa publikoarekin, ekipamendu berria emango zaio Espainian eta Europan aitzindaria den laborategi horri, bere eremuan bakarra baita, Eskuzaitzetako industrialdean.

Erronka klimatikoa

“Hitzarmen honek ezagutza, industria eta berrikuntza uztartzen dituen lan ildo estrategiko bat indartzen du, Gipuzkoatik erronka klimatikoari aurre egiteko”, ziurtatu du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuak. “Ez dugu ahaztu behar Gipuzkoan mugikortasun elektrikoan erreferenteak diren enpresak ditugula. Enpresa horiek deskarbonizatuko direla ziurtatu behar dugu, eta lankidetza publiko-pribatuan eta horrelako proiektuetan oinarrituta egingo dugu, gure autonomia estrategikoa indartzeko eta gure ekoizpen sarerako aukera berriak irekitzeko ”, Asensioren esanetan.

Gipuzkoako laborategiak ibilgailu elektrikoen baterietatik datozen material baliotsuak aztertzeko eta berrerabiltzeko teknologia berritzaileak garatzea ahalbidetuko du, mugikortasunaren sektorea deskarbonizatzen eta ezagutza zientifiko eta tekniko berria sortzen laguntzeko.