Ordezkaritza Saiteceko instalazioetara joan da, Euskal Autonomia Erkidegoan sarera konektatutako lehen aire-sorgailu flotatzailearen proiektua bertatik bertara ezagutzeko
Jeollanam-do Gobernu Probintzialak Hego Korean duen ordezkaritza bat Euskadin izan da aste honetan, energiaren euskal sektoreko eragileekin lehen hurbilketa bat egiteko, itsasoko energia eolikoan arreta berezia jarrita. Zehazki, Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI Taldean integratutako euskal enpresa nazioartekotzeko agentziak koordinatutako misioaren helburua izan da Koreako probintziaren beharrak ulertzera bideratutako elkarrizketak izatea eta lankidetza teknologikorako eta industrialerako aukerak aztertzea.
Helburuen artean egon da, halaber, trantsizio energetikoaren euskal eredua eta haren politika publikoak ezagutzea, offshore energiaren balio katean funtsezko eragileak identifikatzea eta bere lurralde testuinguruan aplika daitezkeen industria azpiegiturak aztertzea.
Jeollanam-do eskualdearen potentzialtasuna
Jeollanam-do probintziaren ezaugarria da Hego Koreak itsas energia eolikoa garatzeko duen potentzial handiena duela, 15 GW aurreikusita baititu, hau da, nazio osoaren % 55, eta duela gutxi itsas energia eolikoari buruzko lege berri bat onartu duelako, zeina 2025ean indarrean jarriko baita eta probintziako gobernuaren zeregina indartzen baitu. Inguruabar horiek azaltzen dute ordezkaritzak interes esplizitua duela offshore arloan esperientzia duten euskal enpresekin aliantzak ezartzeko eta bere lurraldean aplika daitezkeen energia trantsizioko ereduak aztertzeko.
Egonaldian, Nagore Bonilla Basque Trade-ko lehendakariordeak eta Cristina Oyón SPRI Taldeko zuzendariorde nagusiak hartu dute ordezkaritza, eta bilerak egin ahal izan ditu euskal energia sektoreko hainbat eragilerekin, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) eta Euskadiko Energiaren Klusterrarekin barne.
Euskadi erreferente
Bisitaren parte gisa, ordezkaritza Bilboko Portuko instalazioetara hurbildu da, eta bertan kate logistikoaren karbono aztarna murrizteko garatzen ari diren proiektuak ezagutu ahal izan ditu, Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzaren Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariaren eskutik.
Euskadin programatutako agendarekin amaitzeko, ordezkaritzak Saitec-en instalazioak bisitatu ditu, Euskadin sarera konektatutako lehen aerosorgailu flotatzailearen proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, enpresa hori nazioarteko erreferentea da trantsizio energetikorako soluzio berritzaileetan, eta Euskadi itsas berriztagarrien munduko mapan sendotzen du.
