Bilboko Portuko Agintaritzak bat egin du The Waterborne Technology Platform (TP) plataformarekin, Europako erakundeei ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan orientazio politikoa ematen dien itsas garraioaren plataforma teknologikoarekin.
Plataforma sailkapen sozietateek, itsasontzi eraikitzaileek, armadoreek, itsas ekipoen fabrikatzaileek, azpiegitura eta zerbitzuen hornitzaileek, unibertsitateek eta ikerketa institutuek eta Europar Batasuneko erakundeek osatzen dute, estatu kideak barne. Plataforma horren ahaleginak itsas sektorean interesa duten alderdi guztien artean I+Gri buruzko “etengabeko elkarrizketa ezartzean” zentratzen dira, “arlo horretan ahalik eta adostasun handiena lortzen laguntzeko, eta ahaleginak eta baliabideak fokalizatzeko”, Bilboko Portuko Agintaritzak atzo jakinarazi zuenez.
Gainera, epe ertain eta luzerako ikuspegi komun bat eta Ikerketa Agenda Estrategiko bat garatzea du helburu; finantza baliabideen mobilizazio eta esleipen egokiak sustatzea eta itsas garraio garbia, lehiakorra eta segurua lortzen laguntzea.
Ivan Jiménez Aira Bilboko Portuko Agintaritzaren presidenteak adierazi zuenez, “ohore handia da” buru duen erakundearentzat “itsas sektoreetan eta barneko bide nabigagarrietan berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzen dituen komunitate dinamiko horrekin” bat egitea.
Deskarbonizazioa eta jasangarritasuna
Zentzu horretan, adierazi zuen “portuek funtsezko zeregina dutela garraio jasangarriaren eta kate logistikoaren deskarbonizazioaren etorkizunean”, eta “portuak energia zentro bihurtzen ari direla”, eta gero eta gehiago direla deskarbonizazio proiektuetan eta erregai alternatiboetan parte hartzen dutenak.
Waterborne TPko idazkari nagusi Jaap Gebraadek, bere aldetik, adierazi zuen Bilboko Portu Agintaritzaren atxikimenduak “indartu” egiten duela bere “Portuak eta Logistika” lantaldea, eta ikerketa-agenda “zabalagoak” eratzen lagunduko duela, itsas sektorea “elkarreragin handiko ekosistema baita”.
The Waterborne Technology Platform erakundeak orientazio politikoa ematen die Europako erakundeei ikerketa, garapen, berrikuntza eta inplementazioaren arloan, eta Zero-Emission Waterborne Transport Partnership Zero Igorpeneko Itsas Garraiorako Elkartearen zati pribatua koordinatzen du.

