Topaketako uneetako bat.

Kolonbian kokatuta dauden enpresa euskaldunen eta tokiko eragile estrategikoen arteko harreman zuzena garatzea eta sendotzea izan da helburu nagusia

Euskadik Kolonbian duen ordezkaritzak, Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI taldean sartuta dagoen euskal enpresa nazioartekotzeko agentziarekin lankidetzan, lan-gosari bat antolatu du aste honetan Bogotan, Kolonbiako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) sektoreko aliantza publiko-pribatuei (APP) begira.

Bogotako Alkatetzako Diana Celis IKT distrituko goi-kontseilariak eta Nazioarteko Harremanetako IKT Kontseilaritzako arduradunek hartu dute parte topaketan, eta dauden aukera eta lankidetza-ildo ezberdinak aurkeztu eta eztabaidatu dituzte.

Bestalde, Kolonbian ezarrita dauden IKT sektoreko sei euskal enpresako ordezkariak izan dira hitzorduan, bertako agintarien lehentasunak bertatik bertara ezagutzeko eta haien esperientziak partekatzeko.

Topaketa horri esker, Kolonbian dauden euskal enpresen eta tokiko eragile estrategikoen arteko harreman zuzena erraztu da, eta erakundeen eta enpresen arteko harremanak sendotu dira, etorkizuneko proiektu bateratuak bultzatzeko.