Bilboko Portu Agintaritzak eta Nouvelle-Aquitaineko Merkataritza Portuen Partzuergoak – Baiona, Bordele, Rochefort-Tonnay-Charente eta La Rochelleko portuek osatutakoa – lankidetza-akordio bat sinatu dute, Agri Vrac ekitaldiaren esparruan. Mugaz gaindiko harremanak indartzeko helburua dauka, lankidetza estrategiko eta koordinatu bat abian jartzea sustatuz, besteak beste, irtenbide berritzaile eta jasangarrien garapenean eta, bereziki, itsas energia eolikoaren garapenean Atlantikoko kostaldean.

Akordio horren bidez, bi erakundeek beren hinterland-en zerbitzura dauden merkataritza-portuen lehiakortasuna modu globalean hobetzen laguntzeko asmoa dutela adierazi dute, mugaz haraindiko arku logistiko eraginkorra eta jasangarria sortuz, portuen arteko konektibitatea indartuz, eta dauden azpiegiturak aprobetxatuz.

Frantziako hego-mendebaldeko eta Espainiako iparraldeko arku atlantikoan dauden eragile ekonomiko guztiei portu-zerbitzu eraginkorra eta integratua eskaini nahi zaie, denbora errealean datu-trukeak garatzeko aukerarekin. Aliantzak nazioarteko merkatuei erantzuteko esportazio- eta inportazio-gaitasuna handitzea aurreikusten du, inportazio- eta esportazio-fluxuak erraztuz.

Era berean, bi aldeek konpromisoa hartzen dute jasangarritasunaren, digitalizazioaren, berrikuntza logistikoaren eta itsas energia berriztagarrien inplementazioaren arloko ekimen komunak sustatzeko: teknologia berdeen garapena, Europako hego-mendebaldeko hornidura kateen optimizazioa eta portuko jardueren karbono aztarna murriztea, itsas garraio jasangarrian Europako portu liderrak izateko eta irtenbide ekorresponableak sustatzeko.

Agri Vrac ekitaldia

Baionako Portuak antolatutako nekazaritzako elikagaien industriaren azokak zerealen, ongarrien eta animalien nutrizioaren sektoreko enpresa eta profesionalak bildu ditu Angeluko Espace de l’Océan-en, bai Frantziako hego-mendebaldekoak, bai Espainiako iparraldekoak.

Topaketan, hitzaldiak egin dira hainbat alderdiri buruz, hala nola, Frantziaren eta Espainiaren arteko lotura logistikoak, multimodalitatea, deskarbonizazio industriala eta logistikoa, eta nekazaritzako elikagaien logistika jasangarri, eraginkor eta mugaz gaindikoa izateko aukerak. Halaber, Agri Vrac solteko elikaduraren logistikako profesionalak eskualdeko nekazaritzako elikagaien industriarekin konektatzeko plataforma gisa funtzionatu du – besteak beste, zerbitzuen eta ekipoen hornitzaileak, portuko operadoreak eta kontsignatarioak –.