Helinia izeneko soluzioak, Gipuzkoako Cimico enpresak garatutakoa, hiru zutabe nagusi ditu: kontrol automatiko aurreratua, monitorizazioa eta analitika aurreratua eta biki digital berritzailea

Edozein jarduera edo sektorek balia ditzake digitalizazioak eskaintzen dituen irtenbide berritzaileak. Hori da Cimico enpresa gipuzkoarraren kasua: hondakin-uren tratamendu biologikorako soluzioak garatzen ditu, eta hilabete honetan bere azken tresna aurkeztu du —Helinia, araztegi baten tratamendu biologikoa modu integralean kudeatzeko plataforma digital berritzailea.

Helinia ingurune digital bakarra da, non enpresak eskaintzen dituen soluzio guztiak bateratzen diren: monitorizazio eta analisi-sistemak, algoritmo propioetan oinarritutako kontrol automatiko aurreratua eta abar. Horrela, hondakin-uren araztegien (HUA) kudeaketa askoz ere eraginkorragoa bihurtzen da.

Aurrerapen nabarmenak

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da biki digitalaren modulu berria, Cimicoren esanetan “HUAen kudeaketa estrategikoan mugarri bat” dena. AAko sailak eta prozesista taldeak elkarlanean garatu dute, eta instalazioa modu birtualean erreplikatzeko aukera ematen du, hainbat agertokitan izan dezakeen bilakaera aurreikusiz. Horri esker, epe ertain eta luzerako plangintza errazten duten gomendio pertsonalizatu eta kuantitatiboak eskaintzen ditu.

Konpainiak azaldu duenez, Helinia erabiltzeko oso erraza da: ez du prestakuntza berezirik behar, eta plantako langileen esperientzia kontuan hartuta diseinatu da. Horregatik, bistaratze argi eta intuitiboak eskaintzen ditu, gomendioak begirada bakarrean ulertzeko moduan. Bere abantailetako batzuk dira: agertoki hipotetikoak aztertzea, erabaki baten ondorioak aurrez ebaluatzea eta ikuspegi estrategikoa duen plangintza egitea.

Biki digitalaz gain, beste bi zutabe funtsezkok osatzen dute Helinia: kontrol automatiko aurreratua eta monitorizazio-analitika aurreratua. Hiru modulu horiek elkarrekin sinergia paregabeak sortzen dituzte: biki digitalak gomendio estrategikoak proposatzen ditu, monitorizazioak eta analitikak horien eraginkortasuna egiaztatzen dute, eta kontrol automatikoak proposatutako ekintzak zuzenean, denbora errealean, aktibatzen ditu. Ondorioz, eragiketak optimizatzen dira, kostuak murrizten dira eta jasangarritasun-helburuak modu integratuan betetzen dira.

Helinia, beraz, zuzenean erantzuten dio HUA baten kudeaketan gero eta handiagoak diren erronkei. “Araztegietan lan egitea gero eta konplexuagoa da: isurketa-muga zorrotzak betetzea, energia-kontsumoa eta karbono-aztarna murriztea, eta kostuak kontrolpean mantentzea”, azaldu du Cimicok.