Zumaiako enpresak 54 urte ditu eta robotekin beren kabuz lan egiten duten makinak eskaintzen ditu
Delteco Zumaiako enpresa bat da, makina-erremintaren salerosketa eraldatzen ari dena. 54 urteko ibilbidea du, eta hamar urte daramatza robotekin modu autonomoan lan egiten duten makinak eskaintzen. 50 makina inguruko stock iraunkorrari esker, bezeroei arintasunez erantzuteko gai da.
Enpresa 1971n sortu zuen Eibarren Esteban Aranbarrik, gaur egungo presidente Xabier Aranbarriren aitak. 2019an, egoitza Korta industrialdeko pabiloira lekualdatu zuen, Zumaiara. «Espainian makina-erreminta inportatzen duen enpresarik handiena gara, eta DN Solutions (Korea) edo Hermle (Alemania) bezalako multinazional garrantzitsuen esklusibotasuna dugu», azaldu dute presidente Xabier Aranbarrik eta Ainara RodrÃguezek, Robotikako negozioaren garapenaren arduradunak.
Pabiloian 50 produktu baino gehiago dituzte —mekanizazioko zentroak, tornuak, elektroerosio eta mandrinatzeko makinak—, eta horrek aukera ematen die bezeroen eskakizunei berehala erantzuteko. Duela bederatzi urte, jauzi kualitatibo bat eman zuten Robotikako Saila sortuz: «Gure balio erantsia da. Ingeniaritza propioa garatzen dugu eta makina robotarekin batera eskaintzen dugu. Zedula automatizatuak diseinatu eta instalatzen ditugu, giza esku-hartzerik gabe 24 orduz lan egiteko aukera emanez».
Bezero bakoitzarentzako neurrira egindako soluzioak eskaintzen dituzte. «Proiektuak lau hilabeteko epea du: bi hilabete gurean muntaketa eta probetarako, eta beste bi bezeroaren instalazioan. Guztiak giltza eskurako soluzioak dira», diote.
Salmenta nabariak
Hornitzaile esklusibo izanik, Deltecok Espainian eta Portugalen ditu salmentak, 75 langileko plantilla eta ordezkaritzak Bartzelonan, Madrilen, Levanten eta Portugalen. I+G funtsezkoa da, urteko fakturazioaren % 20-30 bideratzen baitute horretara (45 milioi euro inguru). Urtero 150 makina saltzen dituzte batez beste, horietatik 110 DN Solutions-ekin (Korea) soilik. Robotikako alorrean, 15 zedula automatizatu inguru fabrikatzen dituzte urtean.
Etorkizunari begira, erronka nagusia automatizazioa da. «Makinen salerosketak izango du oinarria, baina robotikan haztea nahi dugu, bezeroek gero eta gehiago eskatzen dutelako. Beste helburu bat talentua erakartzea eta, batez ere, robotika bezalako arlo teknologikoan, talentu hori mantentzea da».

