Zamudion kokatuta dago ZIV enpresa euskalduna. // ARGAZKIA: ZIV

Proiektu garrantzitsu hau Hednok bultzatutako modernizazio eta digitalizazio programaren parte da

ZIVek proiektu garrantzitsu bat lortu du Grezian, Hednori —Europako hamar banaketa elektriko konpainia garrantzitsuenetako bat eta Greziako bakarra— kontagailu adimendunak hornitzeko. ZIV eta Itron enpresek osatutako partzuergoak eskuratu duen kontratuak ia milioi bat ekipo eta datuen bilketa eta kudeaketarako sistemak barne hartzen ditu.

Greziako garapen-estrategiarekin bat

Proiektu hau Hednok sustatutako sare elektrikoaren modernizazio eta digitalizazio prozesuaren baitan kokatzen da, eta Greziako elektrizitate-konpainiaren garapen-estrategiaren abiapuntua da, trantsizio energetikorako bidean. Hasierako iraupena hiru urtekoa izango da, eta beste bost urtez luzatzeko aukera izango du.

Lizitazioaren oinarriak edukin industrial europar garrantzitsua eskatzen zuen. Kontagailu adimendunak funtsezko pieza dira gaur egun sistema elektrikoaren digitalizazioan eta konpainiek bezeroei eskaintzen dizkieten zerbitzuen hobekuntzan. Aktibo kritikoak direnez, zibersegurtasunari arreta berezia eskaini behar zaio, bai sare elektrikoa babesteko, bai erabiltzaileen datuak zaintzeko.

ZIVen posizioa, berezko I+G duen eta sare adimendunetan esperientzia zabala duen fabrikatzaile europar gisa, funtsezkoa izan da proiektu honetan. Borja Negro ZIVeko CEOak adierazi duenez, “esleipen honek gure produktuek duten berrikuntza-maila altua aitortzen du; berrikuntza hori talde global eta diziplina anitzeko baten lanaren emaitza da.

Eragina Euskadi mailan

Iraupen luzeko kontratu hau ZIVek bere historian lortu duen bolumen handienekoa da. Euskadin eragin positiboa izango du enpleguan, bai ZIVen bertan, bai laguntza ematen dioten tokiko hornitzaileen sarean. ZIV, halaber, sare elektrikoetarako beste ekipo adimendun batzuen hornitzaile garrantzitsua da, batez ere babes-, kontrol- eta komunikazio-sistemetan, lehen eta bigarren mailako azpiestazioetarako. Azken urteetan etengabe hazi den merkatu-segmentu honetan duen posizionamenduari esker, ZIVek azken 12 hilabeteetan 50 herrialde baino gehiagotan kontratuak ixtea lortu du eta, Espainian, energia berriztagarrientzako teknologia-hornitzaile erreferente bihurtu da.