Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarainek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Eskualde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari Cristina Mugicak jaso dute Biospainen hurrengo edizioa antolatzeko lekukoa
Jaione Ganzarain sailburuordeak eta Cristina Mugicak hartu dute Biospain 2026 azoka antolatzeko lekukoa, Bartzelonan egin den Biospain 2025 azokaren azken jardunaldian. Hurrengo edizioa, irailaren 29tik urriaren 1era egingo da BECen.
Lekukoa hartzean sailburuordeak adierazi duenez, “plazer eta ohore handia da azoka hau datorren urtean Euskadin egitea. Eta ez da kasualitatea, 2002tik Euskal Autonomia Erkidegoak biozientzien eta bioteknologiaren aldeko apustu iraunkorra egin duelako, bereziki osasunari aplikatuta. Biozientziekin eta bioteknologiarekin lotutako garapen sozioekonomikoarekin dugun konpromisoa guztiz lerrokatuta dago Europako berrindustrializazioaren ikuspegiarekin, osasun sektorearen garrantzi geoestrategikoaren aitorpenarekin eta balio kate biosanitario osoan kanpo mendekotasuna murrizteko beharrarekin”.
Bestalde, Cristina Mugicak azpimarratu duenez, “Biospain 2026 hartzea aukera handia da Bizkaiak eta Euskadik nazioartean duten posizionamendua indartzeko, lurralde berritzailea eta munduari irekia baita. Biospain lehen mailako erakusleihoa izango da gure ekosistemaren ezaugarri diren talentua, ikerketa eta enpresa konpromisoa erakusteko”.
Ekitaldian parte hartu dute Silvia Labé Biocateko Marketing, Komunikazio eta Adimen Lehiakorreko zuzendariak, Ion Arocena Asebioko zuzendari nagusiak, Idoia Muñoz Basque Health Clusterreko zuzendariak eta Cristina Oyón SPRIko zuzendari nagusiaren albokoak, baita azokan parte hartu duten euskal enpresek ere.
Euskadi-Basque Country standa Bartzelonan
Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Euskadiko Osasun Klusterrak-BHC-Euskadik stand bateratu bat izan dute Bartzelonan, Euskadi-Basque Country Innovation Land markarekin. Euskadiko osasun ikerketako bioinstitutuekin batera, hau da, Bioef, Bioaraba, BioBizkaia, BioGipuzkoa eta Biosistemak enpresekin batera, sektoreko zazpi enpresa egon dira standean ordezkatuta: BioComputing, Golden Gait Biotech, Hawk, Innoprot, Tad, Miramoon eta Ubikare.
34 herrialde, 2.400 parte-hartzaile, 1.065 erakunde, 250 erakusketari, enpresen arteko 4.600 bilera eta 76 inbertsio-erakundetako 140 inbertitzaile dira Bartzelonako Firan egindako Biospain 2025 azokaren zenbakiak.

