Proiektuaren helburua da gizarte-ekonomia sustatzea, produkzio- eta kontsumo-eredu sozial eta jasangarriagoa bultzatzeko
Mondragon Unibertsitateak programa bat jarri du martxan ekonomia zirkularraren esparruan ekintzailetza-proiektuak sustatzeko, ekonomia soziala eta ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriagoak bultzatzeko xedez. Programa Espainiako hiru hiri nagusitan garatu da, berrikuntza eta ekintzailetzan erreferente direnetan: Bilbon (Bilbao AS Fabrikan), Bartzelonan (Barcelona Circularren) eta Arrasaten (Hirekinen). Halaber, Espainiako Gobernuaren Ekonomia Zirkularreko EBEPEren babesa izan du.
Egitasmoa Mondragon Unibertsitateak bultzatu du, Enpresagintza Fakultatearen, haren nazioarteko ekintzailetza-sarearen (Mondragon Team Academyren) eta Goi Eskola Politeknikoaren bitartez.
Hiru ekintzailetza proiektu
Co-op ibilbidearen lehen edizio honetan, hiru ekintzailetza-proiektuk —Gama, Duara eta Arkcutt— hartu dute parte, eta ibilbideko geraleku guztiak bisitatu dituzte:
1. Gama, kontsumo osteko hondakinei (batez ere kostu txikiko jantzien produkzio azkarretik datozen ehunei) balioa ematen dien startupa da, eta altzari, helburu arkitektonikoetarako plaka eta dekorazio-produktu bihurtzen ditu.
2. Duara, berrikuntza jasangarriko agentzia bat da, ehun-hondakinen berrerabilera sustatzen duena, material eta produktu berri bihurtuz, bigarren bizitza bat emateko eta sektorearen ingurumen-inpaktua murrizteko.
3. Arkcutt, leinnerrek bultzatutako proiektua da. Pieza pertsonalizatuak fabrikatzen ditu, materialak mozteko edo grabatzeko potentzia handiko laser-izpi bat erabiliz. Horren plataforma digitalari esker, bezeroek berehala lor dezakete aurrekontua, eta itxarote-denbora murriztu.
Programaren ibilbidea
Ibilbidean zehar, taldeek beren garapen-beharrak identifikatu dituzte eta nodo bakoitzak eskaintzen dituen espazio, zerbitzu eta laguntzak ezagutu dituzte, proiektuen hurrengo faserantz aurrera egiteko. Lehen geldialdia Bartzelonako Barcelona Circular (BAC) eraikinean izan da, berrikuntza arkitektoniko eta jasangarritasuneko erreferentzia denean; bertan teknologia eta irtenbideak ezagutu dituzte, ekosistemako eragileekin topaketa laburretan parte hartu dute eta finantzaketa-mahai batean eseri dira.
Bigarren etapa Arrasateko HIREKINen egin da; XRL (Exploitation Readiness Level) tresna landu dute eta Otaloran, Mondragon Taldearen ingurune pribilegiatuan, tresna hori aplikatu dute proiektuak manufaktura, negozioa, komunikazioa, inpaktua, inbertsioa eta teknologia arloetan ebaluatzeko eta hobekuntza-bideak definitzeko. Ibilbidea Bilboko BBFn amaitu da: Social Factory ezagutu dute, Konfekoopekin eta Seed Capital Bizkaiarekin bildu dira, eta BAT dorrea eta As Fabrik bisitatu dituzte.

