Saray Zarate, Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako sailburua.

Ezegonkortasun geopolitikoak, muga-zergen mehatxuak eta lehia globalak markatutako nazioarteko testuinguruan, Arabak erakutsi du aurrera egin daitekeela irmotasunez, ikuspegiz eta anbizioz. Gure ekonomiak eutsi ez ezik, hazi, aurrera egin eta eraldatu egiten da. Eta bi oinarri estrategiko ditu: mundura irekitzea eta dibertsifikazio adimenduna

Arabako industriak Euskadiko motorra izaten jarraitzen du. 2025eko lehen seihilekoan, gure esportazioak % 8,2 hazi ziren, hau da, EAEko esportazio guztien % 31,5. Lidergo horri eusten zaio enpresa berritzaileetan, kalitatezko enplegua sortzen dutenetan eta nazioarteko bokazioa dutenetan. Muga-zergen ondorioen aurrean, Defentsa Arantzelarioko Bulego bat aktibatu dugu Merkataritza Ganberarekin lankidetzan, eta merkatu berriak irekitzen jarraitzen dugu, Mexikokoa, esaterako, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako. Egoera nahasi batean, Araba lurralde erresiliente eta lehiakor gisa kokatzen da.

Baina ez da nahikoa aurre egitearekin. Araba dibertsifikazio sakon eta eraldatzailearen aldeko apustua egiten ari da. Biozientzien sektorea, 2016tik Pharmalab 4.0-rekin sustatua, etapa berri baterantz doa pizgarri fiskal espezifikoen definizioarekin. Ikus-entzunezkoen industriak, foru-laguntzei esker, hazkunde izugarria izan du, eta etorkizuneko apustua izaten jarraituko du ikus-entzunezkoen “hub” -arekin. Aeronautikan, DHL sendotzea eta mantentze aeromekanikoan espezializatutako prestakuntza errealitate bat dira dagoeneko. Eta IKTen esparruan, ekosistema ekintzailea indartu egiten da Nexum Araba, Araba Venture eta Hazibide funtsen bidez, talentua eta kapitala jarduera ekonomiko berrietara bideratzen baitituzte. Hori guztia gure sektore identitarioenak eraldatzen laguntzen dugun bitartean, hala nola automobilgintza eta BAM proiektua, energia edo altzairuari lotutako industria eta muga-zergek hain eragin handia izan dutena.

Konektibitateak eta lurzoru industrialak estrategia hori laguntzen dute. Jundizko intermodala, lehen fasea amaitua duena, bultzada logistiko handia izango da gure enpresentzat. Arasurren handitzeak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, industria-proiektuak erakarzeko dugun gaitasuna sendotzen du. Forondako aireportuak ibilbideak finkatzen eta konexio berriak gehitzen jarraitzen du, eta horri esker, gero eta gertuago gaude 500.000 bidaiariko helburutik.

Eraldaketa hau ez litzateke posible izango talentuaren aldeko apustu irmorik gabe. Aldunditik lanean ari gara unibertsitateekin, LH zentroekin eta enpresa-erakundeekin, ehun produktiboaren benetako beharretara egokitutako profilak prestatzeko. SEA, Egibide, Ikaslan edo euskal unibertsitateekin dugun lankidetzari esker, talentua erakarri eta fidelizatzeko programak aktibatu ahal dira, ia bete-beteko enplegu teknikoa dugun testuinguruan. Horrez gain, nazioarteko ikasleak erakartzeko proiektu pilotuak bultzatzen ari gara; adibidez, Mexikoko El Marqués udalerriarekin sinatutako hitzarmena, automobilgintza eta aeronautika bezalako sektore giltzarrietan.

Iraunkortasuna ere ikuspegi horren parte da. Arabak energia berriztagarrien hedapena antolatzen ari da lurralde-oreka eta adostasun sozialaren irizpideekin. EKB Araba bezalako proiektuak, tokiko energia-komunitateak edo industria deskarbonizatzeko bultzada –Arabako Aliantzaren bidez edo zerga-erreformaren bitartez– adibide dira trantsizio energetikoa gure industriarentzat aukera izan daitekeela erakusten dutenak.

Hori guztia egiten da gure egiteko modu batekin: lankidetza publiko-pribatua. Arabako Foru Aldunditik uste dugu enpresekin, unibertsitateekin, zentro teknologikoekin eta gizarte-erakundeekin batera lan egitea dela gakoa. Lankidetza hori funtsezkoa da proiektuak eskalatu, sendotu eta lurraldean benetako inpaktua sortzeko.

Araba gaur egun industria aurreratuak eta sektore sortzaileak uztartzen dituen lurraldea da; iraunkortasunaren, talentuaren eta lankidetzaren alde egiten duen lurraldea. Egokitzera mugatzen ez dena, baizik eta lider izan nahi duena. Izan ere, garai nahasietan, erantzun onena eraldaketa da. Eta eraldaketa horretan, Aldundia erabat konprometituta dago.