Ermuan kokatuta dagoen Izarra Center-en egoitza nagusia. (Argazkia: BFA)

Aldundiak, Ermuak eta Izarra Fundazioak produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko datu-zentro bat babestu dute

Proiektua 2026an jarriko da martxan, baina enpresa txiki eta ertain industrialen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko jardungo duen datu zentroa zehaztuta dago: datuetan oinarritutako negozio eredu berriak sortzea izango du helburu. Izan ere, plataforma horri esker, bakarrik garatu ezingo lituzketen zerbitzuak eta gaitasunak eskuratu ahal izango dira.

Zentro berria “azpiegitura digital partekatu, elkarreragile eta segurua izango da, lurraldeko enpresa txiki eta ertainei datuaren ekonomiarantz aurrera egiteko aukera eskainiko diena”, laburbildu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Aurreikusitako guztizko inbertsioa 896.415 eurokoa izango da, 467.500 euroko foru-ekarpenarekin, eta aurrekontuaren gainerakoa udalerriak eta Izarra Fundazioak jarriko dute.

Garapen ekonomiko adimenduna

Ermuko Izarra Center izango da, hain zuzen ere, tokiko eta eskualdeko ekonomian eragin eraldatzailea izan nahi duen plataforma horren gune operatiboa. Ermua Bizkaiko berrikuntza industrialaren mapan kokatzen da berriro, teknologia, lankidetza eta iraunkortasuna uztartuz, garapen ekonomia bultzazearekin batera. Bizkaiko ETE industrialentzako datu espazioaren helburua da industria enpresen, administrazioen eta berrikuntza ekosistemako eragileen artean datuak modu seguruan, kontrolatuan eta trazagarrian ustiatzeko eta partekatzeko ingurune federatu bat diseinatzea, hedatzea eta finkatzea.

Plataforma horrek aukera emango die ETEei produktibitatea hobetzeko, prozesu industrialak optimizatzeko, energia aurrezteko eta datuetan oinarritutako negozio eredu berriak sortzeko. Helburu horietatik harago, datu-gune hori funtsezko tresna bihurtuko da enpresa txiki eta ertainen sare atomizatuan aukera-berdintasuna sustatzeko; aldaketa-palanka bat da, eta, nolabait, sektore horretan teknologiarako sarbidea demokratizatzea du helburu.

Esperientzia eta konpromisoa

Proiektua Ermuko Udalak eta Izarra Fundazioak bultzatutako IoT Basque Izarra Lab berrikuntza teknologikoko laborategiaren esperientzian oinarritzen da. Udal-administrazioak “datu-espazioaren operadore gisa jardungo du, azpiegitura komuna eta gobernantza-eredua koordinatzeaz arduratzen dena; erakundeak, berriz, oinarrizko plataforma garatuko du, eta erabilera-kasu erakusleak gauzatuko ditu hainbat arlotan, hala nola mantentze prediktiboan, energia-eraginkortasunean edo industria-trazabilitatean”, zehaztu dute foru-iturriek.

Industria enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa bultzatzeko datu zentro berria Debabarreneko Eskualdeko Plan Estrategikoan (Lehentasunezko Jarduera Eremua) hartutako konpromisoei erantzuteko sortu da, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualde horretako udalek (Ermua eta Mallabia) eta Eibar, Deba, Elgoibar, Solaruze, Mutriku eta Mendaroko gipuzkoarrek sustatzen duten lurraldeko industria eta ekonomia suspertzeko.