Enpresa bizkaitarra datu-analisian, cloud zerbitzuetan eta ERP edo SAP bezalako enpresa-plataformetan espezializatuta dago
The White Team (edo The Whiteam) enpresak Bilbon du egoitza, eta enpresa txiki eta ertainak nahiz korporazio handiak bere eraldaketa digitalean laguntzen espezializatuta dago. Eraldaketa digitalaren ziklo osoa eskaintzen du, diagnostiko estrategikoa eta soluzioen diseinua, inplementazioa eta euskarri operatiboa barne. Besteen artean, softwarearen garapena, datuen analisia, cloud zerbitzuak eta ERP edo SAP bezalako enpresa-plataformak nabarmentzen dira The White Teamen espezializazio-arloen artean.
200 langile baino gehiagorekin, ordezkaritzak ditu Madrilen, Malagan eta Valentzian. Teknologia-aholkularitza horrek hamahiru urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta hainbat sektoretako bezero-sarea du, hala nola industria, retail eta logistikakoa, bai eta Europako administrazio publiko eta erakundeetakoa ere. Haientzat softwarea eta sistemen integrazioa garatzen ditu.
Enpresaren balio nabarmenetako bat hainbat administraziorekin lizitazioetan eta proiektuetan duen esperientzia da. Horri esker, erakunde-ingurune konplexuetan moldatzen da: “Gure bezeroei arau-esparru konplexuak behar dituzten proiektuetan laguntzen diegu, Europako funtsak eskuratzeko proiektuetan edo digitalizazioko eskualde-estrategietan. Gainera, prozesu aurreratuen automatizazioaren eta cloud soluzio eskalagarrien alde egiten dugu”, adierazi du Martin Muguruzak, konpainiako salmenta-arduradunak.
The White Team-ek bere ibilbidean parte hartu du SPRI Taldeak bultzatutako Hazitek programa batzuetan. Horietan, proiektu berritzaileak bultzatu ditu hainbat sektoretan (osasunean, elikaduran, logistikan eta industrian), “betiere digitalizazioan, sistemen integrazioan eta analitika aurreratuan arreta jarrita”.
Etorkizunera begira, The White Teamek bere nazioartekotze plana indartu eta Europako multinazional handientzako bazkide teknologiko gisa finkatzea aurreikusten du. Gainera, adimen artifiziala, automatizazio aurreratua eta jasangarritasun digitala bezalako arloetan aurrera egitea bilatzen du, bere bezeroen modernizazio teknologikoan laguntzeko helburuarekin.

