(Argazkia: SPRI)

Euskal ordezkaritza bat Italiako eskualdean izan da, AAren eskualde ekosistema bertatik bertara ezagutzeko, aliantza estrategiko posibleak aztertzeko eta nazioartean arrakasta izan duten ereduak ezagutzeko

Adimen artifiziala protagonista izan da aste honetan, euskal ordezkaritza batek berrikuntza teknologikoan Europako eremu aurreratuenetako batera, Italiako Emilia-Romaña eskualdera egin duen bisitaren harira. Misioari esker, AAren eskualde ekosistema bertatik bertara ezagutu ahal izan da, aliantza estrategiko posibleak aztertu ahal izan dira eta nazioartean arrakasta izan duten ereduak ezagutu ahal izan dira, Euskadik esparru horretan garapen eta posizionamendu globala izan dezan.

Euskal ordezkaritza honako hauek osatu dute: BAIC-Basque Artificial Intelligence Center; Mondragon Corporation, BAICeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta Ikerlaneko Teknologia Digitalen eta Adimen Artifizialaren zuzendari Josu Bilbaok ordezkatuta; eta Basque Trade & Investment (BasqueTrade), SPRI Taldeko euskal enpresa nazioartekotzeko agentzia. Bidaia ART-ER Attrattività Ricerca Territorio, Emilia-Romañako Teknologia eta Berrikuntzarako Eskualde Agentziarekin lankidetzan egin da.

Bisitaren ibilbidea, enpresetan zehar

Bisitan, ordezkaritzak Italiako eskualdeko adimen artifizialeko ekosistema osatzen duten ekimenak, azpiegiturak eta enpresak ezagutzeko aukera izan du. Lehen geldialdia ER2Digit izan zen, ETEen eta administrazio publikoen eraldaketa digitala babesten duen European Digital Innovation Hub, baita erreferentziazko laborategi eta erakundeak ere, hala nola MISTER Smart Innovation laborategia, AIRI ikerketa zentroa eta Fondazione REI-Reggio Emilia Innovazione.

Misioak DAMA Tecnopolon jarraitu zuen, superkonputazioan, big datan eta adimen artifizialean azpiegitura aurreratuak dituen berrikuntza zentroan. Bertan aurkeztu ziren CINECA, irabazi asmorik gabeko unibertsitate arteko partzuergoa, Leonardo superordenagailua kudeatzen duena, Europako indartsuenetako bat, eta IT4LIA AI Factory, Europako adimen artifizialeko lehen fabriketako bat.

Ibilbideak BI-REX Competence Center ere hartu zuen barne, big datan espezializatutako eta digitalizazio industriala bizkortzera bideratutako zortzi zentro nazional italiarretako bat. Ordezkaritzak, gainera, topaketak egin zituen eskualdeko enpresa liderrekin (Bonfiglioli, potentzia transmisiorako eta automatizazio industrialerako soluzioetan espezializatua, eta Sacmi, hainbat sektoretarako makineria eta planta osoen diseinuan eta fabrikazioan erreferentea).