Ingeniaritza integraleko enpresa da, euskal DNA duena, eta berrikuntza eta esperientzia lotzen dituena industria proiektuak garatzeko eta AEBn euskal konpainiak ezartzea errazteko

Dagertek 2024an Houstonen (Texas) sortutako ingeniaritza enpresa bat da, industria astunean hamabost urte baino gehiagoko esperientzia duen talde batek sortua; horien artean, egungo CEOa, Daniel Aguilar gipuzkoarra. Ingeniaritza integralean aritzen da, bezeroen proiektuen hainbat esparru hartzen dituena: automatizazio industriala eta robotikoa, ingeniaritza mekanikoa, softwarearen garapena eta zibersegurtasuna.

Enpresak “one-stop shop” kontzeptupean jarduten du (edo leihatila bakarra, leku bakar batetik behar tekniko guztiak betetzen direla adierazten duena), eta laguntza osoa ematen du proiektu industrialen bizi zikloan. Zerbitzu integrala da, eta bere baitan hartzen ditu ingeniaritza aplikatua, neurrira egindako soluzioak diseinatuz eta garatuz, ideiatik hasi eta abian jartzeraino, baita prestakuntza teknikoa ere, teknologia berrietan ekipoak gaitzeko programa espezializatuekin, eta giza baliabideen kudeaketa, industria proiektuetarako talentu teknikoa bilatzera eta hornitzera bideratua.

Euskadi-AEB

Euskadiren eta Estatu Batuen arteko lotura da proiektuaren beste zutabeetako bat. Dagertekek “Euskadiren zorroztasuna, kalitatea eta konpromiso bereizgarria eta mentalitate arina nahiz merkatu estatubatuarraren emaitzetara bideratua uztartzen ditu”, adierazi du Aguilarrek.

Identitate hibrido horrek aukera ematen die Estatu Batuetan ezartzea helburu duten euskal enpresei, euskarri integrala eskaintzen baitie, lehen urratsen konplexutasuna murriztuz eta ingurune oso lehiakor batean hazteko aukerak indartuz. CEOak uste du Euskadin gaitasun handiko proiektuak daudela: “Ekimen bakoitzak erakusten du euskal ingeniaritzak industria eraldaketa globala gidatzeko duen ahalmena”.

Berrikuntzarantz bideratuta

Berrikuntza da konpainiaren beste ardatzetako bat. Gaur egun, Dagertekek osagai teknologiko handiko proiektuak garatzen ditu, horien artean adimen artifizialaren bidez ihes hidraulikoak monitorizatzeko sistema adimendun bat, kostuak murriztea eta ingurumen inpaktua minimizatzea ahalbidetzen duena, eta industria lerro klasikoen automatizazioa, sentsorika eta kontrol adimendunaren bidez hirurogeita hamarreko hamarkadako azpiegiturak modernizatuz.

Etorkizunari begira, Dagertekek sektore kimiko, elikadura- eta farmazia-sektoreetara dibertsifikatu nahi du, betiere bikaintasun teknikoarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoari eutsiz.